domingo, 20 de julio de 2008

LI PO


Li Po idazleak bere lorategia zaintzen zuen gizonari ematen zizkion bere olerki guztiak. Ulertzen ez bazituen edota haren gustokoak ez baziren apurtu egiten zituen atoan.

Merkatari aberats baten semea, hogeitabost urte zituela Txina ezagutzera joan zen, Erdi Aroko menturazale edo zaldun ibiltarien antzera. Izpiritu librea zen, garai hartan ezarritako konbentzionalismoaren kontra bizitzen saiatu zena.

Maisu taoistekin entrenatu eta filosofia horren zalea bihurtu zen, ezpata ere oso ondo erabiltzen zekiena. Garai hartako dinastien kontrako matxinadetan parte hartu zuen, arrakasta handiegirik gabe.

Bizitza luzatzeko taoistek prestatzen zuten elixir bat hartzeagatik, merkurioak pozoinduta, hil zen. Hala ere, kondariak dio Yangste ibaian ito zela, txalupatik eroria, guztiz mozkortuta, hilargia besarkatu nahian.

domingo, 13 de julio de 2008

LARACHE


Nire osaba batek Laratxen eman zituen bere bizitzaren hiruzpalau urte, soldaduzka egiteko garaia egokitu zitzaionean. Hura zen, zalantza izpirik gabe, amaren esanetan, guttien desio zuen lekua sahiestezina zen behar hori betetzeko, baina zorigaiztoak urrineko hiri hura bere bidean jarri zuen.

Bertan kolpeak, gaixotasunak, etengabeko martxak eta tratu txarrak jasan behar izan zituen. Bueltatu orduko guztiz aldatuta ageri zen, inoiz baino gizonago eta, aldi berean, tristeago.

Osabak Euskal Herrian igaro zuen haurtzaroaren zati bat betiko hil zen Laratxen. Edo bertan jarraitzen ote du, bertako kale itxietatik paseatzen, Sinbad eta basamortuko alde guztietatik datozen merkatariekin tratutan?

miércoles, 9 de julio de 2008

PASSAGE DÉSEMBOÎTÈ


Basaurira joateko bidean, ama bisitatzeko asmotan, jende multzo handi bat aurkitu nuen metro geltokiaren aurrean. "Passage Désemboîtè" taldeko aktoreak ziren, eta haien inguruan, ikusle zoriontsuak. Ez nekien Bilbon egunotan kale antzerki ihardunaldirik antolatzen zenik, eta hasiera batean, Europako ekialdeko musikari talderen bat izango zela uste izan nuen. Gero jakin nuen egia.

Emankizun bizia eta interesgarria, musika eta koreografia, mugimendu arinak, aurpegi interesgarriak, asko bizi izan duten pertsona helduenak.

Gizaki guztiak mundu oso bat direla esaten dute. Batzuk, ordea galaxia oso bat dirudite.