domingo, 31 de agosto de 2008

MANAGUA


1972ko abenduaren 22an, Managua hiriko dirudunak gabonak ospatzen hasiak ziren bertako jatetxe eta klubetan. Egun hartantxe, Carlos Santana ingeniaria La Prensa egunkariaren bulegoan azaldu zen, bere zuzendaria zen Pedro Joaquin Chamorrori lehortea zela eta herrialdean lurrikara indartsua izan ahal zela esateko, baina ez omen zion kasu haundiegirik egin.

Hurrengo egunean, abenduak 23, seismo bortitz batek suntsitu egin zuen hiriaren erdialde osoa, 10000 zendu utzita. Klub gehienek behea jo zuten ere, dantzariak harrapatuz.

Howard Hugues ospetsua Managuan zen egun haietan, Intercontinental hoteletik atera gabe, neurosiak jota, hiru solairu berarentzat erreserbatuta zituela. Halere, tragediaren izariaz onartu bezain laister, hiria utzi zuen Acapulcorako bidea hartuta.

Puerto Ricon, Roberto Clemente, egungo beisbol jokalaririk ospetsuena hegazkin batera igo zen, abenduaren 31ean San Juaneko aireportutik atera zena, laguntza kargamendu handia zeramala hondatutako hirira. Baina aireratu eta gutxira pisu gehiegi eramateagatik Caribe itsasora erori zen hegazkina. Beste herrialde askok ere laguntza bidali zuten. Gehiena, ostera, Anastasio Somozaren eskuetan bukatu zen.

Sei urte beranduago Pedro Joaquin Chamorro bera ere hil zuten, oraindik berreraiki gabe zegoen Managuako kale batean, Somozaren morroi baten hiru tiroz erahila.

viernes, 29 de agosto de 2008

IPURTARGIAK


Paradisuaren ondotik pasatzen gara egunero, oharkabean. Behin, bitan edo hamaika bider zeruaren sarbidea zapaltzen dugu egun oroz.

Aitaren herrian izan nintzen atzo gauean neska lagun batekin. Orduña inguruan dagoen herri ttipia da. Biok aitaren familiarena izan izen baserriaren atarian eseri ginen, non nire arbasoak batzen baitziren udako arratsalde guztietan, baserriko beharrak bukatuta, garai hartan munduaren bestaldera joateko ohiturarik ez bait zen. Bertan guk, aspaldiko lagunak, mila gauzei buruz hitz egin genuen. Ipurtargiak ikusten ziren alde guztietan, goranzko iluntasuna argituz. Hontz-txurien uluak entzuten ziren ere, txorien hegaldiaren hotsa, sugandilen pauso ixilak, eta haien artean, agian, bertan bizi izan ziren biztanleen ahots motelak gure belarrira berba eginez. Une hartan, inkontzienteki, agian paradisuaren estalkia urratu eta osteratxo bat emateko parada izan genuen hain liluragarria den bere barrukaldetik.

Gizonezko bat eta andrazko bat elkarrekin daudenean osotasunaren islada direla diote, yin et yang elkartuta. Baina bai omen dago hirugarren osagaia Tao miragarria osatzeko. Memento hartan, nere ustez, ipurtargi dirdiratsuak izan ziren, zerua mundu honetan dagoela erakutsi zigutenak.


viernes, 8 de agosto de 2008

LAIKA


1957ko azaroaren 3an, Sputnik 2 izeneko espazio-ontzia Lurretik abiatu zen bidaiari bakar batekin, Moskuko kaleetan harrapatutako txakur galdu bat, historian zehar izan zen lehen astronauta.

Espazio-ontzia orbitan ezartzeak helburu bi zituen: Soviet Batasunaren ipar-amerikarren gainetiko gailentasuna erakustea eta, aldi berean, izaki bat espazioan bizitzeko gai izan ahal zen frogatzea.

Baina ontzia espazioratu zuten zientzilariek ez zuten txakurra inoiz bueltatuko zuela pentsatu. Beraien ustetan bizirik iraungo zuen zenbait astetan Lurrari bueltak emonez, berez hil arte. Eta hori da jendaurren esan zutena: Laika era goxo batean hil zela, aste bat pasata, aldez aurretik prestatuta zegoen pozoindutako janari zati bat jan eta gero. Baina ez omen zen egia.

Laika, sentsorez inguratuta, bere arnasketa, bihotzaren erritmoa eta arteria-presioa kontrolatzeko, apenas sei ordu aireratu ondoren hil zen, Lurrari hiru buelta eman ondoren, sufrimendu handiz, ontziaren barruan izandako tenperatura altuengatik eta ikarak eragindako takikardiagatik, bere bihotzak taupadak ohikoa denez baino hiru aldiz arinago egiten bait zituen. Txakurrak hankei indarrez eragiten zien, askatu nahian, bizitza seinaleak transmititzeari utzi zion arte.

Gerora, espazio-ontziak, Laikaren zerraldoak, 2570 buelta emango zituen Lurraren inguruan, sei hilabeteetan, atmosferaren kontra desegin zen arte.

miércoles, 6 de agosto de 2008

ERDIZKA LAUETAN (IV)


4. Antrexantak

Itziarren lekuz aldatu ziren berriz ere, Maddik bolantea har zezan. Martxan jarri eta gero, Ekisek geroago damutuko zitzaion zerbait esan zion neskari: “Oso ondo pasatu dut. Zein gauza ona den neska batekin egotea!”. Maddi goibel geratu zen une batez, eta Bilbora ailegatu arte ez zuen hitz bat ere esan. Ekisek ez zekien horren zergaitia. Nekatuta edo egongo zela uste zuen.

Bilbon, Maddik “La Guerniquesa” parean gelditu zuen kotxea eta muxu arin bat eman zion mutilari, adio moduan. Ekisek galdetu zion ea zer zuen, baina neskak ezetzaren keinua egin zuen buruaz, eta bere etxerako bidea hartu zuen, mutila bertan utzita, bidaia-poltsa eskuetan.

Ekis ez zen astelehenean arduratuta ibili baizik eta, izatekotan, apur bat haserre gertatu zenagatik eta ez zion neskari deitu nahi izan. Asteartean ikusiko zuela uste zuen, baina Maddi ez zen dantza klasetik azaldu. Atera eta gero, Ekis arduratuta sentitzen zen guztiz. Gauean deitu zion, baina telefonoa itzalita aurkitu zuen. Ez zuen Maddiren deirik hurren egunean ere.

Ostegunean eta ostiralean, are kezkatuago, behin eta berriro saiatu zen berarekin harremanetan jartzen, baina ez zuen lortu. Telefonoa itzalita zegoen edo ez zuen inork hartzen. Gauean, ostera, Maddiren mezua jaso zuen bere telefono mugikorrean. Horrela zioen: “Ez deitu gehiagotan, mesedez. Nerekin edo beste edozein neskarekin egoteak berdin badizu ez dut zurekin denborarik galduko”.

Ekisek ulertu zuen, azkenean, Maddik sentitu zuen haserrearen zergatia, ordura arte berarentzat misterio iluna zena. Mutilak Itziarren esandako hitzengatik, neskak pentsatu omen zuen berdin ziola Iparraldera berarekin edo dantza klaseko besteren batekin joan izanak.

Hurren egunean, lehenengo aldiz bere bizitzan, Ekis lore-denda batera sartu zen. Nekez lortu zuen neskaren helbidera orkidea eder bi bidali zituen, Edgar Degasen irudi baten atzekaldean idatzitako testu labur batekin, Zamalzainak sinatzen zuena: “Maddi, ikusten ez zaitudanean norbaitek airea eraman duela eta ezin dudala arnasarik hartu sentitzen dut. Deitu, mesedez eta geratu nerekin, gaur bertan, ahal baduzu. Oraindik mila gau falta ditugu”.

martes, 5 de agosto de 2008

ERDIZKA LAUETAN (III)


3. Ezker Airian

Apenas ordu betez egin zuten lo. Elkarrekin dutxatu ziren, behin eta berriro uztartuta. Goizean herrira jeitsi ziren gosaltzera. Tabernak erdi hutsik zeuden oraino. Neurrizko distantzia mantendu zuten, pixkat lotsatuta giro ezezagunean, baina elkarri begiratzen zioten besteak zer pentsatuko zuen ez zekitela. Gero gauzak gelatik batu eta Urdiñarberako bidea hartu zuten.

Oso goiz polita zen hura, eguzkitsua eta freskoa. Han-hemenka herrixkak ikusten ziren. Urdiñarbe ere herri txikia eta bukolikoa zen, lasaia eta baketsua ziur aski egun normal batean baina oso animatua Maskaradak antzesten ziren egunean.

Goizez ailegatu ziren herrira. Gorriak eta beltzak, Maskaradaren protagonistak, kalean zeuden honez gero. Herriko auzuneetatik ibiltzen ziren, desordenean, ongi etorria eman eta bidea oztopatzeko auzokideek jarritako barrikaden inguruan. Maskaraderen pertsonaiak txirula eta ttun-ttunaren doinuez dantza egin eta herrikideek banaturiko jakiak eta edariak jan eta edaten zituzten. Gorriak, dotoreak eta garbiak eta beltzak, pobreagoak, emankizunaren pertsonaiak ziren. Horien artean zebiltzan Enseñaria, Artzaina, Kantiniersa eta Gatuzaina, bere egurrezko artazi handiekin, baita Marexalak, Kukulleroak, Xorrotxak etabar luze bat ere. Baina Ekisentzat deigarriena zen, dudarik gabe, Zamalzaina, bere parekoa sentitzen zuena, erdi zaldia eta erdi gizona, lore, luma, zinta eta ispilu ttipiez eginiko koroa janzten zuena. Ijituek eta kerestuek zirikatzen zuten zentauro hura, eta nahi zuten harrapatu.

Arratsaldean, bazkaldu ondoren, hainbat zati desberdinetan bananduta zegoen Maskarada konplikatu hura plazan jokatu zen. Maddik eta Ekisek lurrean eserita ikusi zuten emankizuna, elkarri lotuta. Jauziak, braliak, godaleta eta beste aunitz dantza, musika, antzerkia eta kantuak ziren festa horren osagaiak, erabat galduta zegoen garai bateko ospakizunen aztarna bizia.

Berandura arte egon ziren Urdiñarben. Zortziak inguruan herritik atera ziren, nahikoa bide luzea zuten eta. Bidaiaren lehen partean apenas hitz egin zuten, muga zeharkatu zuten arte, mementu hartan bion artean zegoen loturak ez baitzuen hitzen beharrik. Irunera iritsi zirenean, kamioak aparkatzeko lekune batean tokiz aldatu ziren, Maddi logura baitzen. Kotxean sartu orduko, gidatzeko prest, Ekisek neskaren eskua bere zakilean sumatu zuen. Han, iluntasunak babestuta, txortan egin zuten berriro ere, lehenengo aldia balitz bezala. Neskaren titimuturrak puntan sentitu zituen Ekisek. Mutilak, irrikaz, musukatu eta kosk egin zituen emeki, eta gauza bera egin zuen neskaren besoak, lepoa eta klabikulekin. Gero, atzamarrak iltzatu zituen aldakan eta ipurdi giharretan. Bagina umel zegoela nabaritu zuenean zakila barruratu zuen modu kementsu eta erritmiko batez. Han zeuden, kamioi aparkatuez inguratuta, Sherezade eta Zamalzaina, elkarri muxuka, txortan etengabe, gauaren erdian.

lunes, 4 de agosto de 2008

ERDIZKA LAUETAN (II)


2. Luze

Arratsaldeko bostak inguruan Donibane Garazira iritsi ziren, non gaua pasatzeko asmoa baitzuten. Maddi izan zen bertan lo egitea proposatu zuena, urtebete arinago handik aterata Orreagaraino ailegatzen zen Santiagorako bidearen etapa eginda zuen eta. Hurren goizean Donibanetik ateratzekotan zeuden, Zuberoako Urdiñarbe herrian Maskarada ikusi ahal izateko. Aparkatu ondoren, zaharberritutako hotel batean hartu zuten gela bakarra, bi oheduna. Neskak lehioaren ondokoa aukeratu zuen. Ekisek, ahalketua, bere gauzak kontu handiz ateratzen hasi zen, kasik disimuluz, eta armairuaren leku txiki bat okupatu zuen, galtzoinak beste arropen azpian izkutatuz. Komunean nezeserra bazter batean kokatu eta bertan ikusita oso itsusia zela pentsatu zuen. Pijamarik eraman ez izana ere damutu zitzaion.

Telefonoz eskatu zuten jateko zerbait eta bertan afaldu zuten, gelatik atera gabe. Gero, hiritik paseatzera atera ziren. Ilunsentian Donibane Garazi izugarri ederra agertzen zen. Erdi aroko zitadela ematen zuen. Inguruko mendien itzala kale zaharretan islatzen zen. Herrigunea bisitatu zuten, udaletxea, eliza zaharra eta apezpikuaren gartzela. Gero, harresia korritzen zuen erronda bidetik joan ziren, gotorlekua inguratuz. Kale maldatsuetatik gora eta behera ibili ziren ere, gorri koloreko harrizko etxeei begietsiz. Etxe haiek oso zainduta zeuden. Ateburuetan marrazki geometrikoak eta sinbolo erlijiosoak ikusteko parada izan zuten, non XVII eta XVIII mendeko biztanleen izenak eta eraiki zuteneko eskulangileenak irakurtu ahal ziren.

Gero, Maddi eta Ekis taberna batean sartu eta ondoko mahaian zegoen tipo bati imitatuz pastisa eskatu zuten. Ilundu orduko, apur bat alaiago likoreagatik, tabernatik atera eta morroilo bitxiak zituen ate bat gurutzatu zuten, Errobi ibai aldera eramaten zuena. Arku ederraren azpitik pasatzerakoan, uraren murmurioa entzunez, bat-batean, Ekisek Maddi besarkatzeko gogo atzeraezina sentitu zuen. Gerritik hartu, balseoan bezala eta neskak biziki erantzun zuen, luzaroan horren esperoan izan balitz bezala.

Hamarrak inguruan apenas zegoen inor Donibaneko kaleetan eta biok, eskutik hartuta, hotelera bueltatu ziren. Gelan, Ekisen lotsa desagertua zegoen erabat. Neskari oheak elkartzeko esan zion eta une batez besarkatuz egon eta gero, arropa erantzi eta bertara sartu ziren, Ekis biluzik eta Maddi gizonezko pijama loredun batekin. Elkar laztanduz egon ziren ia ordu erdiz, beste ezer egin gabe, oso hurbiletik gauzak kontatzen, txisteka eta umore onez. Maddik esan zion aunitz gauza bere bizitzaz, bidaiatzea atsegin zuela, literatura, yoga, meditazioa, dantza, musika, jazza eta rocka batez ere. Mahaitxoaren gainean ”El edificio Yacoubian” izeneko liburua zuen. El Cairoko bizitzari buruzkoa zela adierazi zion Ekisi. Arabia aldeko herrialde gehienak ezagutzen zituen eta pare bat urte arinago izan zuen Siriako amorante baten istorioa kontatu zion mutilari. Hau entzundakoan Ekisi, zeloen ziztadarekin batera, bigarren aldiz Arabiako hirietako giro misteriotsua etorri zitzaion gogora.

Mutilak emakuntzaren inguruan hasitako laztan leunek eten egin zuten narrazioa. Hatzamarra aritzen zen klitoriaren inguruan, kaio luma bat bezala, eta gero, astiro-astiro, alde batera zein bestera, barruko senak edo jainko misteriotsu batek bidea erakutsiko balio bezala. Noizik behin eskuaren mugimendua gelditu egiten zen, eta hatzamarra pausatzen zen konkor ttipi hortatik milimetro bakar bat ere urrundu gabe. Denbora labur bat igarota hasten zen berriro ere higitzen, zeharo berria eta desberdina zen modu batez. Maddik bi, hiru aldiz sentitu zituen dardarkada txikiak, sabelaren behekaldetik astindu atsegingarriez zabaltzen zirenak, bere barrukaldean suzko animalia ikaratiak, gozo eta elektrikoak mugituko balira bezala. Gero Ekisek atzamar bi sartu zituen bagina barruan, eta bereganako mugimendu bizia egiteari ekin zion, behin eta berriro, besoen artean neskaren espasmoak sentitu zituen arte. Berak zekiela, bere esperientzia eskasean hura izan zen ohekideari antzerako zerbait sentiarazten zion lehen aldia.
Ez zuen sarpenik zertu nahi oso berandura arte, nahiz eta gogo bizia sentitu, eta itxaron egin zuen neskak bere gainean egonda zakila abilezia handiz bilatzen hasi zen arte. Gero, barruratu bitartean neskak, arnasa sakonki hartzen zuelarik, Ekisen eskuak bilatu zituen ditiak ferekatzeko. Neskaren aurpegia ikusita, Ekis txunditu zen, ezagutzen zuenetik inoiz baino politago ikusten baitzuen mementu hartan. Sexuketa geldoa eta luzea izan zen, mutilak oihu motel batez bukatu zuen arte. Gerora, neskak barruan jarraitzeko esan zion eta hola mantendu ziren bi amoranteak, loak hartu zituen arte.

domingo, 3 de agosto de 2008

ERDIZKA LAUETAN (I)


1. Solte

Erdizka lauetan, pika, ebats. Maisuak pausoak kantatzen ditu, dantzariak -gizon helduak, nerabeak, etxekoandreak- musikaren erritmoari jarraituz higitzen diren bitartean.

Dantzan hasi zenetik urte bat pasatu da jada. Ekis Artola Bilbao Musikak duen aretora joaten da asteartero. Jotak, porruak, mutil dantzak eta jauziak apurka-apurka barneratuz eta gorputzaren mugimenduari atxikituz doa, umetatik erakusten zuen baldartasunaren aurka borrokatzen duen artean.

Ezker, eskuin, ezker, antrexantak eta fini. Lehen aldiz klasera iritsi zenean kausitu zuen neska hura, Maddi, noiz edo noiz bakarrik agertzen zena, eta ez zuen une hartatik behin ere huts egin, beti asteartearen zain, berriro aurkituko zuenaren itxaropenaz, beste behin ez ote zuen ikusiko ikara biziz.

Urtean zehar berarengandik hurbilago egoteko aukera bakan batzuk izan zituen. Dantzatu bitartean, esaterako, neskak bikotetzat aukeratzen zuenean, Ekis ez baitzen, hain zuzen ere, nahi duenaren bila joatera ausartzen den horietakoa. Maddi besoen artean zuen bakoitzean, scotisha dantzatu edo balseoan egiteko, Ekisek, eskua bakarrik hartuta edo gerritik ebatuta, izugarrizko gogoa sentitzen zuen neska horri lotuta egoteko bizi guztirako, edo, Orienteko ipuietan bezela, mila eta ehun gauetan zehar gorputz hori laztanduz lo egiteko.

Urtebeteko bitarte horretan dantza taldekideek afari bat ospatu zuten. Ekisek, inolako premiarik gabe, jatetxe ingurura hurbildu zuen kotxea Maddi bere etxera eramateko aukera sortuez gero, gidariarena egiteko. Baina, tamalez, ez zuten gau osoan hitz bakar bat ere gurutzatu, ez jatetxean ez egondako tabernetan, musikak eta jendetzak erremediorik gabe bananduta. Patuak, antza zenez, ahaleginak egiten zituen bion bideak nahas ez zitezen.

Zortea, ordea, gutxien espero zuenean, bere alde jarri bide zitzaion. Dantza taldearen zenbait ikaslek Iparraldera joateko bidaia antolatu zuten, Zuberoako Maskaradaren emankizunak ikusteko asmotan. Bost lagunetik bik azkeneko mementuan deitu zuten ezin izango zirela joan esateko eta beste bat ez zen, inolako argibiderik gabe, adostutako lekuan azaldu. Ekis eta Maddi “La Guerniquesa” izeneko tabernan egon ziren zain ordubetez, abisurik utzi ez zuenaren telefonorik ez baitzuten, eta azkenean, Ekisek ezer esan gabe irauten zuen bitartean,”Gu biok joan ahal gara” erran zuen neskak.

Maddik berak eraman behar izan zuen kotxea, ondoan aparkatua utzia baitzuen. Hiru ordu luzeko bidaian, ezohiko moduan, Ekisek asko hitz egin zuen, baina tentelkeriak baino esaten ez zuenaren sentsazioa izan zuen denbora guztian. Bi aldiz gelditu ziren, Itziarreko atseden eremuan, gasolioa bota eta apur batez deskansatzeko, eta Beran, Maddik leku hartatik muga zekarkatu nahi baitzuen, Barojatarren etxea kanpoaldetik ikusi ahal izateko. Ekisek ez zuen libururik irakurtzen eta ozta-ozta zekien Baroja idazle bat zela, baina jakin-mina erakutsi nahi izan zuen neskaren aurrean txarto ez geratzeko.

Bidean zehar Ekisen hanka-sartzeak dezente izan ziren. Berako taberna batean, esaterako, konturatu gabe nesken komunera sartu zen. Maddik, hori ikusirik, barrez hasi zen.