sábado, 25 de octubre de 2008

ALOGERAK

Hotel Room (Edward Hopper)

Harrigarria da jabetzari buruz dugun kontzeptua, egiaz inor ez baita ezeren ugazaba. Ez bizi den etxearena, ez gidatzen duen kotxearena ezta bankoan gordetzen duen diruarena ere. Era berean, ez gara gure maitaleen, lagun minen edo seme-alaben jabeak. Denbora batez baino ez gara beraiekin biziko, garai mugatu batez laztanduko ditugu edo izango ditugu gure ondoan. Mundu honetan guztiok gaude alogeran, iragaitzaz.

Alogera batzuk oso luzeak dira, nekatzeko modukoak, beste batzuk ordea labur-laburrak, nahi baino arinago galtzen ditugunak, maitasun arloan, lanean zein laguntasun harremanetan, ustekabez kale gorrian aurkitu ahal gara, dardarrean.

Berrogeita hamar urteren buruan beste batzuk biziko dira gure oraingo etxeetan, lehenago suntsitu ez badituzte, gure egungo Volkswagen, Honda edo BMW markako kotxeak ez ditugu harez gero gidatuko eta gure dirua beste batzuen eskuetan egongo da, agian orain estimatzen ez ditugun familiarren kontu korronteetan, edo estatuak bereganatuak izango dira, alderdiek izendutako jauntxoek nahi bezala gasta dezaten.

Denboraz, ez dugu ezer izango, ez dugu ezeren beharrik izango. Gaur ere, ordea, nahiz eta kontrakoa pentsatu, ez dugu ezer, dana dugu alogeran. Gure betebeharra izan liteke behin-behinekoak ditugun alogera horiek aprobetxatu, etxeez, bikotekideez, seme-alabez, gurasoez, diruaz bailatu, minutuz-minutu, zuku guzia atera arte, eta bukatzeko tenorea ailegatzen denean, joaten utzi.