domingo, 31 de enero de 2010

BARNEKO PAILAZOA

MARCEL MARCEAU


Poloniar abizen konplikatua duen lankide bat dugu. Deitura zein den gogoratzea zaila egiten zaigunean, “Polanski” edo “Stanislavski” deitzen diogu txantxetan.

Roman Polanski poloniarra bazen ere, Constantin Stanislavskiren jaioterria, ordea, ez zen hura, Errusia baizik. Antzerkian ibili diren gehienek bere metodo ospetsua ezagutzen dute. Ni ere garai batean mundu horren inguruan mugitu nintzen. Oker ez banaiz, metodo horren oinarri bat da persona baten barruan, nolabait esanda, persona guztiak daudela eta emozio guztiak sentitzeko gauza garela.

Hau berdina litzateke, nola ez, umore kontuetan. Batzuk diote ez dutela berezko grazia, ez direla kapaz besteengan barrea eragiteko txiste bat kontatuta, esaterako. Stanislavskiren metodoaren ildotik joanda edozein izan ahal da komikoa, edornork izan dezake grazia, denok kapaz izan gaitezke komikotasun hori jaendaurrean ateratzeko eta, ondorioz, irribarre bat azalerazteko. Gure pailazoa, gure mimo ixila aurkitu besterik ez dugu egin behar.

Nire aktorea izateko prestakuntzaren barruan clown ikastaro bat egin nuen. Badirudi ikastaro hartan, barruan eramaten dudan pailazoa aurkitu nuela. Irakaslearen aburuz, pailazo lotsati eta despistatua naiz, malezia puntu bat duena.

Ez dakit azken aldian non ezkutatu den pailazo hori, aspalditik ez baitut beraren berririk izan. Ez al liteke ona izango noizik behin, bizitzak goiz edo berandu ekartzen dizkigun garai ilunen aurrean, denok barruan daramagun pailazo hori, ixilean mugitzen den mimo hori esnaratzea?.


martes, 19 de enero de 2010

EZ DAGO EZER IDATZIRIK



“Ez dago ezer idatzirik” izenburua duen filmea ikusi nuen duela gutxi. Pelikula ez da une honetakoa, ordea, orain bizpahiru urtekoa baizik. Joe Strummer, The Clash taldeko abeslariaren bizitza kontatzen da bertan, gogoko ditudan musikarien artean leku berezia okupatzen duena.

The Clash ezagutzea aurkikuntza handia izan zen niretzat. Lehenengo aldiz euren kanta bat (Spanish Bombs) entzun nuenetik biziki gustatu zitzaidan taldea. Baliteke jende askorentzat punk-rock estiloko musika zarata baino ez izatea, baina badago munduan barrena musika mota hau maite duen pertsona multzo haundi bat ere.

Elkar lotzen gaituena ez da soilik familia, hizkuntza edo herrialdea. Leku desberdinetako jendea batzen dituen gauza asko ere bada. The Clash taldea atsegin izatea horietako bat izan daiteke. Berdin dio mexikarra, Cambodiakoa zein euskalduna izatea, Madrilgoa edo eskoziarra. Joe Strummer, edo Frank Sinatra, zeharo desberdina den abeslari bat eredutzat hartuta, gustatzen zaizkienen artean badago zerbait amankomunean, bizitzaren aurrean hartutako antzeko jarrera bat, bizi garen gizartearen ikuspegi berdintsua.

The Clash taldea atsegin dugun guztiok pentsaten dugu, apika, bizi garen mundua ez dela beste batzuk sinestarazi nahi diguten bezain perfektua eta beste zeozeren bila jo behar dugula, kontsumo eta diruaren erregela hestuak saihestuz.

“Ez dago ezer idatzirik” dio Joe Strummer-ek. Posibilitate guztiak daudela gure aurrean, aukera anitzeko mundu batean bizi garela. Geroa, honetaz, gure eskuetan, gure bihotz magikoan, gure imajinazio boteretsuan dago.


lunes, 4 de enero de 2010

KREDITUZ BIZI

DAVID HOCKNEY


Enpresari berrientzako hitzaldi batean espero ez nuen erreflexio sakona entzun nuen: “Eman dezagun 90 urtez bizi ahal garela” esan zuen hizlariak. “Hau horrela bada jaiotzen garenean denok ditugu 32850 egun, hau da, 788400 orduko kapitala. Honen ondorioz erabaki garrantzitsu baten aurrean gaude: zer egin nahi dugu ordu eta egun guzti horiekin?. Norberak erantzun bat eman beharko dio galdera honi, besteentzat, agian, balio gutxikoa izan daitekeena”.

Ez dut inolako asmorik negozio bat montatzeko orain arte gastatu ez dudan egun kopurua erabilita, enpresaria zen hizlariak egin zuen moduan. Baina nere ordu eta egunen kredituaren zati handi bat kontsumitu dudanez geroztik, eta inork bermatzen ez didanez kreditu hori gaur bertan, bihar edo urte baten buruan bukatuko ez denik, hausnarketa irmo eta sakon bati ekin diot kapital hori zertan gastatu nahi dudan ebazteko, orain arte, egia esan, inora eraman ez nauena.

Hori baita, benetan bereizten gaituena: ezbairik gabeko egitate honen aurrean, hau da, behin kredituz bizi garela jakinda, egiten duguna.