domingo, 16 de mayo de 2010

APOSTATZEAZ

PAUL CEZANNE (The Card Players)


Ez naiz inoiz ausazko jokuetan apostatzearen edo jokatzearen aldekoa izan. Nire inguruan, ordea, badaude persona batzuk loterian, lotoan edo kafetegietako makina zaratatsu horietan dirua behin eta berriro gastatzen dutenak, patuaren zorioneko keinu baten esperoan. Kasinoan ere egonda nago zenbaitetan, begirale txunditu bat bezala, besteek ruletan, pokerrean, black-jacken edo bestelako jokuetan etorkizun oparo bat bilatzen zuten artean. Nik, bide horretatik ezer espero ez dudanez, zortea poltsikoan harrapatzeko mugimendu hauek kanpotik ikusten ditu iruzur tuntunak direlakoan, non bankak edo estatuak beti irabazten baitute, guk geuk, luzera begira behintzat, galtzen dugun artean. Bakarrik espero ahal dut zeozer norberak egindako esfortzutik, hau ere askotan loteria baino ez bada ere.

Maitasun edo laguntasun kontuetan, ordea, baita bizitzan orokorrean ere, apustuak egitearen aldekoa naiz. Ez, nik ez dut postura gehiegi egin nire bizitzan zehar arras desberdinak diren ausazko joku hauetan, zoritxarrez agian. Sari potolo bat eskuratzeko aukera izan dudan guztietan atzera-pausu bat eman dut, irabaztea Oka jokuaren espetxearen laukitxoan erortzea izango balitz bezala.

Nik uste dut pertsona bat ezagutzen dugunean, gure begietan benetan baliogarria bada edo gugan zirrara berezi bat esnarazten badu, postura sendo bat egin behar dugula, ditugun fitxa guztiak ruletaren zenbaki horretan kokatuz, bosta, zortzia edo hemeretzia izanda ere, beltza zein gorria, gainerako zenbaki guztiak ahaztuz. Horrenbeste maite dugun pertsonak, ordea, gure jarrera ezagututa, beste zenbaki batean lekutzen badu bere apustua, gurekin egoteko aukera saihestuz, nik esango nuke alde egin behar dugula zarata gehiegi sortu gabe eta berriz ere gure inguruan bilatzen hasi, hain urria den sentimendu hori, agian berriro azaleratuko ez dena, noiz agertuko zain.


martes, 4 de mayo de 2010

AUKERA BAKAR BAT DAGOEN ARTEAN

OLIVER FÖLLMI


Harreman kontuetan, sexuzkoak, maitasunezkoak edota laguntasun hutsezkoak badira ere, bi teoria desberdin atsegin ditut, nekez adostu edo bateratu ahal direnak.

Batetik, nere ustez, hartu-eman batek aurrera egin behar badu, partaide bakoitzak, hau da, lagun, maitale edo maitemindu bakoitzak, elkarrenganako pausu bat eman beharko luke, besteak berea noiz emango duenaren zain egotera pasatzeko. Batek bi, hiru, lau edo ehun pausu ematen baditu eta besteak bat ere ez, nik esango nuke gauzak ez doazela, inolaz ere, ondo.

Berdintasun bitxi honek ez du, ordea, matxismo edo feminismoarekin zerikusirik. Hots, emakumezkoek eta gizonezkoek gure barrua erakusteko, hau da, besteen aurrean biluzteko lotsa edo beldurra sentitzeko eskubide osoa dugu. Honetaz, sentitzen duena argi eta garbi erakusten duenak, dana postura batean jokoan jartzen duenak, neska edo mutila, gizona zein andrea izanda, ez du inolaz ere ahulezia erakusten, ausardia eta kemena baizik.

Baina, nire buruaren beste aldea, ordea, eskizofrenia moduko batean, alor honetan dana matematika ez dela defendatzen saiatzen da. Zenbaitetan, aldarrikatzen du neurona multzo honek, bost, zortzi, hamaika edo mila pausu eman behar dira benetan lortu nahi dena eskuratzeko, batik bat gauzak argi eta garbi ikusten direnean, diamante bat bezain baliotsua bada jokoan dagoena, itzaltzeko dagoen harreman horren sua bizirik mantentzeko, hari eusteko, aukera bakar bat dagoen artean.