domingo, 4 de septiembre de 2011

PATUAREN HARRIA

CLAUDIO GIULIANELLI (Aspettando la luna)


Gure patuaren harria zizelkatzen dugu etengabe, ordu guztietan, minutu bakoitzean.

Alluitzeko harkaitzekin euriak edo haizeak egiten duen tankera, gure bizitzaren harriak forma berriak hartzen ditu, eta xoriak, loreak, apoak edo deabruak osatzen dira bere kristalezko bihotzean.

Une magiko guztiek moldatzen dituzte gure aurpegiaren zimurrak eta izarretatik haruntzago eramango gaituen heriotzaren bide iluna.



domingo, 5 de junio de 2011

OREKA



Ez dakit erabateko desoreka esistitzen den. Guztion bizitza dago orekatuta, neurri batean edo bestean, anitzak diren era misteriotsuetan.

Halere, gizartea bera neurotikoa denez, dena dago neurosi horren menpe, bizimodua, dirua eta propietateen banaketa, lana, sexu hartu-emanak, maitasuna, laguntasun egotistak.

Horren ondorioz, oreka batzuk zeharo desorekatuak dira, behin eta berriro errealitatetik ihes egitera eramaten gaituztenak, aldizkako sufrimendua sortuz. Oreka neurotiko horretan zutunik mantentzeko euskarri dexente bilatzen ditugu: elikadura, alkohola, tabakoa, futbola, irudizko sexua, bidaia konpultsiboak, zinea, liburuak, blogak, lana, familia edo familia eza. Une batetik bestera eroriko dela ematen du oreka desorekatu horrek, eta noizean behin horrela gertatzen da, baina behin erorita, beste trintxera batetan montatzen ditugu defentsa berriak, tiratxinak, kanoiak edo bonba atomikoak erabilita.

Nire oreka mantentzeko tranpa asko erabili ohi ditut urteetan zehar, gizarte eta familiatik heredatutako neurosiarekin elkarbizitza sinbiotiko batean daudenak: literatura, dultzeak, Athletik-a, eskapismoa, bakardadea, gehiegi pentsatzea burua hustuta, edo alderantziz, pentsatu edo sentitu nahi ez izatea. Mingarriak izan daitezkeen gauzetatik ihes egiten dut ondiño, egunero-egunero, momentu orok dituen magiaren zipristin gozoak alboratuz, urrutitik ikusiz.


domingo, 27 de marzo de 2011

ARAZOEN BANKOA

OSWALDO GUAYASAMIN

Nire gustoko ideia bat entzun nuen ikastaro batean, arazoen banko bat sortzearena, hain zuzen. Hortaz, gure problemen zerrenda luzatzen den neurrian, hau da, ahalbait arazo gehien daukagunean, aberatsagoak gara.

Horren inguruan dudan iritzia, halere, ez da guztiz berdina. Nik uste dut arazoen bankoa euki bai baina hustu ere egin behar dugula, erdi beteta dagoenean arazook banan banan erresolbitzen joatea komenigarria dela, eguneroko bizitzan arinago ibiltzeko, agertuko diren arazo berriei lekua egiteko.

Ez dut aparteko inbertsiorik egin beharrik izan nire arazoen bankoa sortzeko, pasatako urteetan erresolbitu gabeko hainbat asunto bainituen. Dena den, hamar-hamaika problema baino ez zaizkit bururatu. Pobrea naiz edo hipokrita hutsa?


domingo, 6 de febrero de 2011

FEREKA MISTERIOTSUEN ERREINUA

ALBERT MOORE (Dreamers)


Gauero, ohera joaten denean, nire amak berea zena du zain gelan. Lokartu bezain laster, txikitan bezala, bere gorputz handia sentitzen du aldamenean. Komunera joateko altxatzen denetan nire amama ondora hurbiltzen zaio eta atzetik doa amak bainugelako argia pizten duen arte. Argitasunean, ezustean, inor ez dagoela konturatzen da, bakar-bakarrik aurkitzen dela, 85 urte dituelarik, oraindik berea den mundu honetan.

Ohean, lo egin orduko, berriro sentitzen du eta goizeko hamarrak arte lo seko geratzen da bere magalean, ume koskor bat balitz bezala. Amets sakabanatuak ditu, umetako lagunak, hil ziren anaiak, arinegi heldutako seme-alabak, geroa, zerua, infernua, ezereza. Zenbaitetan, beldurrak jota, amak ezin du ondo deskantsatu. Gau horietan ez du amama ondoan sentitzen, eta bere buruari galdetu behar dio nongo paradisuetan aurkituko den, nondik bidaiatuko den ordu txiki horietan. Zenbaitetan senarra ere azaltzen zaio, horrenbeste maite zuen gizona, ondoan lo, baina ama baino askoz gutxiago.

Hiru urte nituenean hil zen amama. Argazki solte batzuetan ikusi dut inoiz, irrifartsu, lodi, beltzez jantzita. Horietako batean ni nago, bere gainean jarrita. Nire ama, ordea, kasik egunero batzen da berarekin, umetan bezala, hitzik esan gabe, fereka misteriotsuen erreinuan.