lunes, 29 de abril de 2013

METAMORFOSIA



REMEDIOS VARO (Hacia Acuario)


Azken aldian ohartu dut noizero-noizero bizitzak botatzen nauela nagoen tokietatik, leku horiek eman ahal zidaten guztia agortuta egongo balitz bezala. Hau gertatu zait lanean zein laguntasun edo maitasun hartu-emanetan. Naturak ez omen du gustoko alferkeria, erosotasuna edo ausardia-eza.

Bizitza metamorfosia da, etengabeko aldaketa. Isilpeko uharte batera egindako ezusteko bidaia bat, hartaz ezer ez dakigula. Leku hartatik, gainera, inor ez omen da inoiz bueltatu. Bidean, zer dago? Esperientziak, ezagupenak, grina eta mina.

Lanez aldatu dut. Lantegi berriko kideak egunero agurtzen ditut goizeko zortzietan. Hamar urte gehiago pasatuko banu bertatik mugitu gabe berdintsu egingo nuke goizero-goizero, jubilazioa hurreratzen den artean. Bitartean, mundu zabala dago gure zain, ezagutzen ez dugun jendetza gure ondotik pasatuz, gertaera desberdinak, hiri, kale eta etxe ezezagunak, gugaz batera mundu hau konpartituz, kasik ohartu gabe.

Euskal Herriko lurretan, gure sena eta kultura babesteko edo, jende-multzo itxiak izan ditugu, ia monolitikoak. Hauetako talde askotan, zoritxarrez, partaide guztiek berdin pentsatzen dute bizitzaz, sexuen arteko harremanez, kirolaz, politikaz, beste koadrila edo tribu batzuetako kideez.

Horrek babesten gaitu, zalantzarik gabe, baina krisalida horretan murgildurik ez ote dugun galtzen euskalduntasuna indartu, sakondu eta berpizteko aukera?