lunes, 17 de junio de 2013

BIHOTZ ILUNA

ELENA ODRIOZOLA


Behin Ixabeli bihotza erauzi zioten. Izkutuko harreman luze baten ondoren, zorigaiztoko berria jaso zuen: maite zuen gizona beste andra batekin ezkontzekoa zen maiatzaren amaiera aldean. Errealitatea aspalditik ezagutzen bazuen ere, mundua gainera erori zitzaion. Automata bat bezala mugitzen zen, etxetik lanera, supermerkatutik bankuko bulegoetara, lagun batengandik beste batengana. Robot bat bezala gidatzen zuen. Gorputza, arima eta burmuina hustuta zituen. Aingeru begirale batek bere pausuak zaintzen bazituen, egun haietan bere ondotik alde eginda omen zegoen, izpirituen munduan galduta.

Berak ere, agian, horixe eragin zuen beste batzurengan, ondorengo urteetan inguratzen zitzaizkion gizonezkoekin harreman dexente hasi eta apurtu egin baitzituen. Denbora luze horretan, ezusteko hiriak bisitatu zituen, emanaldi askotan parte hartu, jatetxe bitxietan afaldu baita ezagun asko egin ere. Guzti honen aztarna ttipi bat bere baitan geratzen bazen, ez omen zuen barruko ezer ikutzen. Ez zen berriro maitemindu, ez zuen beste pasio sakonik sentitu, ez zituen inoiz iparra, hegoa, mendebaldea eta ekialdea berriro nahastu.

Berrogei urte bete zituenean, lagunekin edo familiarekin ospatu beharrean, Kreta irlara joan zen bakar-bakarrik. Matala hondartzaren magalean bost egun igaro zituen, itsasoari, herrikoei eta bera bezalako turistei begira. Eguzkiak gauza guztiak argiztatzen zituen, txalupak, etxeetako horma zuriak, umeak, hegaztiak. Bueltako abioian, ordea, bere bihotza ilun mantetzen zen, sute bizi baten ondorengo txingarrak berriro piztea ezinezkoa izango balitz bezala.


lunes, 29 de abril de 2013

METAMORFOSIA



REMEDIOS VARO (Hacia Acuario)


Azken aldian ohartu dut noizero-noizero bizitzak botatzen nauela nagoen tokietatik, leku horiek eman ahal zidaten guztia agortuta egongo balitz bezala. Hau gertatu zait lanean zein laguntasun edo maitasun hartu-emanetan. Naturak ez omen du gustoko alferkeria, erosotasuna edo ausardia-eza.

Bizitza metamorfosia da, etengabeko aldaketa. Isilpeko uharte batera egindako ezusteko bidaia bat, hartaz ezer ez dakigula. Leku hartatik, gainera, inor ez omen da inoiz bueltatu. Bidean, zer dago? Esperientziak, ezagupenak, grina eta mina.

Lanez aldatu dut. Lantegi berriko kideak egunero agurtzen ditut goizeko zortzietan. Hamar urte gehiago pasatuko banu bertatik mugitu gabe berdintsu egingo nuke goizero-goizero, jubilazioa hurreratzen den artean. Bitartean, mundu zabala dago gure zain, ezagutzen ez dugun jendetza gure ondotik pasatuz, gertaera desberdinak, hiri, kale eta etxe ezezagunak, gugaz batera mundu hau konpartituz, kasik ohartu gabe.

Euskal Herriko lurretan, gure sena eta kultura babesteko edo, jende-multzo itxiak izan ditugu, ia monolitikoak. Hauetako talde askotan, zoritxarrez, partaide guztiek berdin pentsatzen dute bizitzaz, sexuen arteko harremanez, kirolaz, politikaz, beste koadrila edo tribu batzuetako kideez.

Horrek babesten gaitu, zalantzarik gabe, baina krisalida horretan murgildurik ez ote dugun galtzen euskalduntasuna indartu, sakondu eta berpizteko aukera?




domingo, 4 de septiembre de 2011

PATUAREN HARRIA

CLAUDIO GIULIANELLI (Aspettando la luna)


Gure patuaren harria zizelkatzen dugu etengabe, ordu guztietan, minutu bakoitzean.

Alluitzeko harkaitzekin euriak edo haizeak egiten duen tankera, gure bizitzaren harriak forma berriak hartzen ditu, eta xoriak, loreak, apoak edo deabruak osatzen dira bere kristalezko bihotzean.

Une magiko guztiek moldatzen dituzte gure aurpegiaren zimurrak eta izarretatik haruntzago eramango gaituen heriotzaren bide iluna.



domingo, 5 de junio de 2011

OREKA



Ez dakit erabateko desoreka esistitzen den. Guztion bizitza dago orekatuta, neurri batean edo bestean, anitzak diren era misteriotsuetan.

Halere, gizartea bera neurotikoa denez, dena dago neurosi horren menpe, bizimodua, dirua eta propietateen banaketa, lana, sexu hartu-emanak, maitasuna, laguntasun egotistak.

Horren ondorioz, oreka batzuk zeharo desorekatuak dira, behin eta berriro errealitatetik ihes egitera eramaten gaituztenak, aldizkako sufrimendua sortuz. Oreka neurotiko horretan zutunik mantentzeko euskarri dexente bilatzen ditugu: elikadura, alkohola, tabakoa, futbola, irudizko sexua, bidaia konpultsiboak, zinea, liburuak, blogak, lana, familia edo familia eza. Une batetik bestera eroriko dela ematen du oreka desorekatu horrek, eta noizean behin horrela gertatzen da, baina behin erorita, beste trintxera batetan montatzen ditugu defentsa berriak, tiratxinak, kanoiak edo bonba atomikoak erabilita.

Nire oreka mantentzeko tranpa asko erabili ohi ditut urteetan zehar, gizarte eta familiatik heredatutako neurosiarekin elkarbizitza sinbiotiko batean daudenak: literatura, dultzeak, Athletik-a, eskapismoa, bakardadea, gehiegi pentsatzea burua hustuta, edo alderantziz, pentsatu edo sentitu nahi ez izatea. Mingarriak izan daitezkeen gauzetatik ihes egiten dut ondiño, egunero-egunero, momentu orok dituen magiaren zipristin gozoak alboratuz, urrutitik ikusiz.


domingo, 27 de marzo de 2011

ARAZOEN BANKOA

OSWALDO GUAYASAMIN

Nire gustoko ideia bat entzun nuen ikastaro batean, arazoen banko bat sortzearena, hain zuzen. Hortaz, gure problemen zerrenda luzatzen den neurrian, hau da, ahalbait arazo gehien daukagunean, aberatsagoak gara.

Horren inguruan dudan iritzia, halere, ez da guztiz berdina. Nik uste dut arazoen bankoa euki bai baina hustu ere egin behar dugula, erdi beteta dagoenean arazook banan banan erresolbitzen joatea komenigarria dela, eguneroko bizitzan arinago ibiltzeko, agertuko diren arazo berriei lekua egiteko.

Ez dut aparteko inbertsiorik egin beharrik izan nire arazoen bankoa sortzeko, pasatako urteetan erresolbitu gabeko hainbat asunto bainituen. Dena den, hamar-hamaika problema baino ez zaizkit bururatu. Pobrea naiz edo hipokrita hutsa?


domingo, 6 de febrero de 2011

FEREKA MISTERIOTSUEN ERREINUA

ALBERT MOORE (Dreamers)


Gauero, ohera joaten denean, nire amak berea zena du zain gelan. Lokartu bezain laster, txikitan bezala, bere gorputz handia sentitzen du aldamenean. Komunera joateko altxatzen denetan nire amama ondora hurbiltzen zaio eta atzetik doa amak bainugelako argia pizten duen arte. Argitasunean, ezustean, inor ez dagoela konturatzen da, bakar-bakarrik aurkitzen dela, 85 urte dituelarik, oraindik berea den mundu honetan.

Ohean, lo egin orduko, berriro sentitzen du eta goizeko hamarrak arte lo seko geratzen da bere magalean, ume koskor bat balitz bezala. Amets sakabanatuak ditu, umetako lagunak, hil ziren anaiak, arinegi heldutako seme-alabak, geroa, zerua, infernua, ezereza. Zenbaitetan, beldurrak jota, amak ezin du ondo deskantsatu. Gau horietan ez du amama ondoan sentitzen, eta bere buruari galdetu behar dio nongo paradisuetan aurkituko den, nondik bidaiatuko den ordu txiki horietan. Zenbaitetan senarra ere azaltzen zaio, horrenbeste maite zuen gizona, ondoan lo, baina ama baino askoz gutxiago.

Hiru urte nituenean hil zen amama. Argazki solte batzuetan ikusi dut inoiz, irrifartsu, lodi, beltzez jantzita. Horietako batean ni nago, bere gainean jarrita. Nire ama, ordea, kasik egunero batzen da berarekin, umetan bezala, hitzik esan gabe, fereka misteriotsuen erreinuan.


jueves, 16 de septiembre de 2010

ZULOAK

PIER TOFOLETTI


Zuloetan erortzen gara etengabe, gure esistentzia partxis edo oka jokuaren partida bat balitz bezala.

Bi-hiru txanda jokatu gabe, kartzela bisitatu edo bost bat atera arte mugitu ezinezko laukitxoetan erortzen gara behin eta berriro. Ez omen du zentzurik, halere, denbora guztia presondegi berean emateak, erosoa eta eguzkitsua bada ere.

Bi urte pasatu ditut lan berean. Aurrekoan, ordea, hamairu eman nituen. Betiko lagunak eta etsaiak egin ditut. Denboraz, harremanak sendotu edo usteldu egiten dira eta ahal bada, gure espetxe gozoetatik atera behar dugu beste zelda eta zoko batzuk ezagutzeko, asko dira eta mundu honetako presondegiak, zulo ederrak.

Abia gaitezen zulo desberdinetara, hiriz aldatuz, pertsonez aldatuz, nahiz eta barruko hiria beti gurekin eraman: París, Eldorado, Itaka, Oporto, Tinbuktu, Bhutan edo La Palma, azken zulora, azken erreinu misteriotsura hurreratzen garen artean.