miércoles, 3 de septiembre de 2008

EGUNSENTIKO TRENA


Anibal esna egoten zen goizeko hirurak arte, egunsentiko trenaren zai. Tren hori egunero pasatzen zen bere etxe ondotik. Ordu horretan gizona kalera ateratzen zen barreradun trenbidetik ikusteko. Haize-bolada eta zarata bortitzaren esperoan geratzen zen, oihu egiteko gogo bizia sentituz. Baina ez zuen inoiz egiten. Lekugune itxietan bidaiariak ikusi ahal zituen, loerdi, solasean edota liburu bat irakurtzen.

Bere emaztea hamabiak aldera joaten zen lotara. Itxaron behar zuen denbora betetzeko, Anibalek eginkizun dexente asmatu zuen: afari osteko harrikoa egin, bere alkandorak eta emaztearen arropak lisatu, irratia entzun, hurrengo eguneko erosketen zerrenda egin, Alemanian musika ikasten zebilen bere alaba Ainhoari emailak bidali eta egunkaria irakurri lehen orrialdetik azkenera arte.

Txikitatik maite zituen trenak. Hirurak hurbiltzen zirenean tentsio berezia somatzen hasia zen. Trena pasatzen zeneko hiruzpalau segundu horiek berdintsuak baziren ere, gauero-gauero zeozer berri ekartzen zuten: jende desberdina lehiatiletan, erdizka ikusiak, ezohiko zaratak, martxa mantsoagoa edo biziagoa, gaueko oinezko galduak, euria, hotza edo beroa. Gero, trena pasatu orduko, etxera bueltatu eta emaztearen ondoan etzan egiten zen, lo zegoen bere gorputza besoetan hartuz. Hamar minutu haiek ziren bere bizitzaren onena. Benetan maite zuen emaztea, Ane Miren. Ez zen kapaz, ordea, hitzen bitartez bere maitasuna erakusteko. Nahiago zuen gaueko ixiltasuna eta bera lo zegoen bitartean ferekatzea, ume txiki bat balitz bezala.

Hori dela eta, Ane Miren bapatean gaixotu zenean, Anibalek oso gaizki pasatu zuen. Etsita egon zen azken mementura arte. Eguna eta gaua ospitalean ematen zituen. Goizaldeko trena bere burutik desagertu zen erabat. Ainhoak ere Alemaniatik etorri behar izan zuen. Dana bukatu zenean, neskak alde egin behar izan zuen, baina Anibali berarekin denboraldi bat pasatzera joateko esan zion.

Joateko Anibalek goizaldeko trena hartu nahi izan zuen. Hirurak hamar gutxitan ateratzen zen hiriko geltokitik. Bere etxea ikusten zen leku bat aukeratu zuen, ia konturatu gabe. Etxe aurreko trenbidetik pasatzerakoan norbait bere ohiko lekuan zegoela iruditu zitzaion. Andra bat, agian. Anibal, supituki, negarrrez hasi zen. Trena pasatzean itxurazko andra hark trena eskuz agurtu zuela iruditu zitzaion. Ane Mirenen antza zuen.

No hay comentarios: