domingo, 31 de agosto de 2008

MANAGUA


1972ko abenduaren 22an, Managua hiriko dirudunak gabonak ospatzen hasiak ziren bertako jatetxe eta klubetan. Egun hartantxe, Carlos Santana ingeniaria La Prensa egunkariaren bulegoan azaldu zen, bere zuzendaria zen Pedro Joaquin Chamorrori lehortea zela eta herrialdean lurrikara indartsua izan ahal zela esateko, baina ez omen zion kasu haundiegirik egin.

Hurrengo egunean, abenduak 23, seismo bortitz batek suntsitu egin zuen hiriaren erdialde osoa, 10000 zendu utzita. Klub gehienek behea jo zuten ere, dantzariak harrapatuz.

Howard Hugues ospetsua Managuan zen egun haietan, Intercontinental hoteletik atera gabe, neurosiak jota, hiru solairu berarentzat erreserbatuta zituela. Halere, tragediaren izariaz onartu bezain laister, hiria utzi zuen Acapulcorako bidea hartuta.

Puerto Ricon, Roberto Clemente, egungo beisbol jokalaririk ospetsuena hegazkin batera igo zen, abenduaren 31ean San Juaneko aireportutik atera zena, laguntza kargamendu handia zeramala hondatutako hirira. Baina aireratu eta gutxira pisu gehiegi eramateagatik Caribe itsasora erori zen hegazkina. Beste herrialde askok ere laguntza bidali zuten. Gehiena, ostera, Anastasio Somozaren eskuetan bukatu zen.

Sei urte beranduago Pedro Joaquin Chamorro bera ere hil zuten, oraindik berreraiki gabe zegoen Managuako kale batean, Somozaren morroi baten hiru tiroz erahila.

No hay comentarios: