miércoles, 28 de abril de 2010

ITSASOA

JOAQUÍN SOROLLA (Niños en la playa)


Asteazkena da eta goizeko hamarretan ez dago inor hondartzan. Harean eskuoihal bat ere ez da ikusten. Antxetak, surflariak eta lasterkari solteak dira ordu batzuen buruan jendez beteko den hareatzaren biztanle bakarrak.

Uraren ertzetik paseatzen naiz, biluzik, Amazonas ibaiaren ondoko indigenen antzera, itsasoko haizeak laztanduta, oraindik indarrik ez duen eguzkiak ferekatuta. Txikitatik, maite ditudan gauzen artean, eguzkiaren ikutua sentitzeak, uretatik atera berria naizenean batik bat, pribilegiozko lekua bete du, ezin aipatu daitezkeen beste askorekin batera.

Bizitza itsasotik datorrela diote, gu guztiok arrain eboluzionatuak baino ez garela. Teoria honen aldekoek gure odoleko serumaren konposizioa eta itsasoko urarena antzekoak direla oso aldarrikatzen dute.

Umetan, ama eta arrebekin itsasaldera hurbiltzen ginenean poz ikaragarria sentitzen genuen, gure arbaso zaharren deiari erantzuten biziki maite genituen ahaideak bisatatzera joango bagina bezala. Aitari, ordea, ez zitzaion itsasoa deus gustatzen. Auskalo beste arraza batekoa ez zen gure aita, itsasorik ez duen urrutiko planeta batekoa.

Gaur, ezustean, uretan sartzeko erabakia hartu dut, duela milioi bat urte arrain, bale do izurde itxura zuten gure arbasoak agurtu nahian. Tamalez, gure aintzinako etxea hotzegi zegoen eta segituan atera behar izan dut. Oinak bakarrik bustita, begiak itxi ditut eta pentsamendu iheskor bat eskaini diet asaba misteriotsu horiei. Gero bueltatu naiz lehorrera, segurtasunera, eguzkiaren erreinura.


lunes, 12 de abril de 2010

RIDIKULOAZ

CLAUDIO GIULIANELLI (Il Grande Mago)


Gaztetan, jazz musika jotzen aritu nintzen urtebetez, inolako arrakastarik gabe. Musikarako dudan dohaina, laster deskubritu ahal izan nuen lez, urria zen. Gure irakasleak, ordea, saiatzeko esaten zidan behin eta berriro. Inprobisatzeko unean pasatzen nituen arazoak ikusita, berak esaten zidan jazzean zein bizitzan oso inportantea zela ridukuloarena dotoreziaz egiten ikastea, halabeharrak bideratutako egoera desberdinetan.

Norberak bizitzan duen zeregin bakarra, nere ustez, den bezalakoa izatea da, besteak mindu gabe, eta hanka sartzeko inolako beldurrik izan gabe. Zuzen jo behar dugu nahi ditugun gauzak eskuratzeko, sutsuak izan behar dugu, gure porrot eta hutsetatik ikasita, ridikuloarena liraintasunez eginez.

Behin entzun nuen badela, budisten ustetan, gauza guztiak egiteko era zen bat, jateko, negar edo barre egiteko, ibiltzeko, telebista ikusteko, larrua jotzeko. Ba omen dago era zen bat ere ridikuloa egiteko, denon aurrean barregarri agertzeko, klasea galdu barik?.