domingo, 13 de diciembre de 2009

UNE MAGIKOAK



Ez da erreza ondotik pasatzen diren une magikoei antzematea. Askotan ez diegu momentuoi erreparatzen gure aldamenetik urrundu eta betiko galdu diren arte, ezinezkoa zaigunean beren eraginaren su bizia sentitzea.

Baina, halabeharrez, gertatzen diren instantean ezagutzeko gauza bagara, ez ditugu pasatzen utzi behar, baizik eta horiei irmo eutsi. Harez geroztik beranduegi izango baita eskuartean ukitu eta beren lilura eta xarma gureganatzea.

Izan ere, bizitzan zehar ez da une magiko asko suertatzen. Behin edo bitan maitemintzen gara. Zoriontasunaren izarrak bakan batzutan lerrotzen dira gure alde. Dohatsuak gara, halere. Batzuk ez dute zoriontasun une bat biziko esistentzia osoan.

Magia pasatzen denean, bizirik jarraitzen dugu. Inertziak leku ezagunetara eramaten gaitu, automatak bagina bezala. Ez dugu ahaztu behar, haatik, magia esistitzen dela eta noizbait hatz txikiarekin ikutu genuela.

Ez dakigu gaur, bihar edo etzidamu zer gertatuko den. Ezin dugu jakin magia gure ondotik pasatzear dagoen segituan. Adi egon behar dugu momentu oro, antenak jarrita, tximeleta bitxiak bilatzen dituztenen modura, meteorito edo kometen behatzaileen antzera.


jueves, 3 de diciembre de 2009

ERRATZAK

SATURNO BUTTO (Idolum)


Pasa den ostegunean, txinatar jatetxe batera joan nintzen lankidea den neska batekin. Bazkaltzen geundelarik, ezagutzen ditugun pertsonen arteko errepaso sakon eta maltzur bat egin genuen, horien arteko nork zuen “erratza” eta nork ez adostu nahian. Edo beste era batean esanda, norberaren sorgintasuna edo sorginkeriaren maila neurtuz.

Argitu beharra dago, aldez aurretik, sorgintasuna ez dela emakumezkoen ezaugarri soila, ezta gutxiagorik ere, baizik eta edozein pertsonarena. Beraz, berdintasunaren hildotik abiatuta sorgintasuna eta aztitasuna berbak batera erabili beharko genituzke, politikariek “vascos y vascas” eta horrelako esamoldeak erabiltzen dituzten moduan.

Nik, egia esan, denetarik ezagutu dut, gizonezkoen zein emakumezkoen artean. Alde batetik, nere ustetan sorgin edo azti hutsak direnak, edo agian sugeak, alakranak edo bestelako izaki pozointsuak, tranpaz beteak, beti azpi-jokotan ibiltzen direnak, desleialtasunez edo tzarkeriaz haien interesen alde jokatu nahian dabiltzanak. Baina bestetik badaude ere zerutik jeitsitako aingerutxoak, laguntzaile onak, prestuak, gardentasunez jardun eta besteen aurrean diren bezalakoak agertu gura dutenak. Tartean, noski, nolabait puzzle bat bezalakoak direnak ere geratzen dira, batzutan onak, bestetan gaiztoak edo berekoiak eta gehienetan epel edo axolagabeak.

Nik ez dakit ba, ene kasuan, zenbat apo eta suge gordeko ditudan heziketa edo beldurraren estalduraren azpian. Bat baino gehiago, ziur. Txinatar jatetxean izan genuen solasaldia, zalantza barik, horren adierazgarria izan liteke.



lunes, 23 de noviembre de 2009

BARRUKO ETSAIA

VICTOR BRAUNER


Juhak egunero borrokatu behar zuen bere barruko etsaiaren kontra, bera baitzen, dudarik gabe, zeukan areriorik handiena. Duingabetzat hartzen zuen bere burua eta hori zela eta agian, ez zen zoriontsua sentitzen. Etsaiaren lana bizitzaren alor guztietan islatzen zen: bere janzteko eran, lanean, ingurukoekin zituen harremanetan.

Ispiluaren aurrean paratzen zenean gorputz itsutsia zuela iruditzen zitzaion, huts ttipiez josia. Mutil dexentek, ordea, nahi zuten ezagutu eta xede horrekin hurbiltzen zitzaizkion, baina berak, beldurragatik edo, ez zien inolako aukerarik eskeintzen.

Barruko etsaiak etengabe seinalatzen zizkion bere gabeziak, egiten zituen akatsak eta hanka-sartzeak. Horietako batzuk aspaldi-aspalditik zetozen, urteetan zehar gainean eramandakoak, bere burmuinaren zelula-sorta misteriotsu batean umea zenetik gordeta zituenak.

Barneko lagunik ez zuen baina ustekabean kanpoko laguna topatu zuen Juhak. Étienne izeneko gizon batekin maitemindu zen espero izan gabe eta bere harridurarako, hain erakargarria ikusten zuen mutil harengan desio bizia suspertu ei zuen berak ere. Juha, guztiz ikaratuta, arnasarik hartu ezinik, ez zuen adorerik ez indarrik izan gizonaren proposamenak arbuiatzeko.

Étiennek ez zuen bion arteko maitasuna bizirik mantentzeko berebiziko gauzarik egiten. Neska ikusi ezin zuenean deitzen zion egunero, bere ahots maitagarria entzuteko. Elkarrekin zeudenean arreta handiz entzuten zuen Juhak kontatzen ziona. Ez zuen ere aukerarik galtzen Juhak zituen gauza on guztiak aipatzeko, gizonarentzat bera baitzen menduko neskarik politena. Ez zuen ulertzen nolatan neskak ez zuen orain arte bere edertasuna ediren, bere gaitasun guztiez ohartu. “Unibertsoaren zati bat zara, Juha, ortzetik eroritako izar bat. Ez al du izar batek berezko edertasunik?. Ez al da perfektua?”. Tankera honetako gauza piloa esaten zion behin eta berriz oso gertutik, kaxik belarrira.

Juharen bizitza oparoa bihurtzen da, osoa. Une majikoak bizitzen ditu, sakonak eta ahaztezinak. Honez gero etsaiaren ahotsa gero eta urrinagotik entzuten du. Badirudi alde egin duela betiko bere buruaren sakontasunetik edo inoiz ez dela bertan egon.



miércoles, 18 de noviembre de 2009

JIMMY ARRABIT

JIMMY ARRABIT


Jimmy Arrabit Iparraldeko musikariaren kontzertua ikusi eta entzutetik etorri berri naiz, nere herria den Basauriko Kultur Etxean.

Denbora luzea eman nuen nik garai batean Etxe honen barruan, medikuntza liburu eta apunte aspergarriak ikasten, neska bakan batzurekin ligatu nahian edota Upo eta Artanda urrineko mendiei begira, pentsamendua galduta. Eszenatokiaren gainean egonda nago ere, neure lotsatasuna alde batera utzita, garai batean antzerki pixkat egin bait nuen.

Jimmy Arrabit, euskal kanta zaharrak oinarritzat hartuta, jazzaren bidetik abiatzen da. Kanta zahar horien artean badago ere, nola edo hala dantzatzen ikasi dudan “banango” izenekoa. Hiru musikarik osatzen dute taldea, euskal kulturaren horma fin-finak gurutzatu nahian dabiltzanak.

Halere, hogei pertsona baino ez gara Arrabit ikusteko aretoan bildu, nahiz eta ezer ordaindu ez. Non egongo dira ba Basaurin bizi diren larogeita zazpi mila arima izkutuak, emakumeak zein gizonezkoak, unibertsitari gazteak edo umeak, publikoaren arteko bat, gehien txalotzen zuena hain zuzen ere, zortzi-hamar urteko haurra baitzen.

Kulturak ez du erremediorik, antza. Munduak ere erremedio gutxi. Euskal Herria, egoera ilun batean murgilduta bizi da eta gu, apurka-apurka, egunak eta urteak pasa ahala, behin etorri ginen espaziora hurreratzen gara ixileko pausu ttipiez, telebistari lotuta.



domingo, 15 de noviembre de 2009

IGANDE GOIZEAN

ANTONIO LÓPEZ (Gran Vía)


Igande goizean hiriko biztanleak ez dira aurreko egunean ikusten zirenak. Gaueko txoriak bueltatu dira beren kabietara, maitaleek azken musuak uzten dituzte ohekidearen ezpainetan, egoiliar lotiak ez dira oraindik esnatu. Igandeko lehen orduetan mundua izoztutako basamortua da, non bizirik dauden lagun bakarrak diren korrikalariak, txakurra paseatzera ateratzen direnak, kolesterola jeitsi nahian dabiltzan adineko adoretsuak edo lo egin gabeko jendaldea.

Goiz altxatu naiz eta txakurrik ez dudanez, azken aldian bezalaxe, korrika egiteari ekin diot. Entrenatuez gero, karrerak luzatzen dira egunez egun eta gaur goizean espero ez nituen aurkikuntzak egiteko aukera izan dut: Frantziako bandera zuen belauntzi handia, itxita zeuden taberna ezezagunak, itsasadarrean zehar kokatutako etxe pobreak. Arnasa erritmikoki hartu bitartean hiri desberdina deskubritu dut, auzune zaharrak, ahaztuak.

Ixiltasunak estaltzen zuen dena. Baina lasaitasunez higitzen zen jendartean bazeuden ere etorkinen talde txikiak, bi, hiru edo lau pertsonarenak, hegoamerikarrak edo afrikarrak gehienbat. Hauek ere, zapatila eta praka motzak jantzi gabe, arin-arinka zebiltzan, harrapaka. Ezin izan dut imajinatu nora joango ote ziren ordu horietan, ezta presa horren zergatia. Beren mitologia zaharreko ospakizun bitxia izango zuten?. Azoka txiki batera joango ziren zeozer saldu nahian?. Edo nahiz eta arraza desberdinetakoak izan, denok amankomunean, ez ote ziren egongo gu, haien gainetik bizi garenez, ixilean gure kontrako errebolta prestatzen?.


domingo, 8 de noviembre de 2009

ZAHARTUTAKO KUMEAK

ZHANG XIAOGANG


Nerabeak, pertsona helduak, atsoak bihurtzen gara haurtzaroa abandonatu baino lehen. Bizitzan zehar mugitzen gara oso inportanteak garela pentsatuz, gure zereginak munduaren sostegua direlakoan. Gure azaleko zimur guztien azpitik, haatik, haur txikiak baino ez gara, zahartutako kumeak.

Seme-alabak izaten ditugu eta haiek baino umeagoak gara. Ez gara haien gurasoak, anai-arrebak baizik, jolaskideak. Beraien kontra errietan hasten gara, beren bizitzetan gure ahultasunaren markak utziz.

Besteen kontrako gerratetan murgiltzen gara oraindik olazko ezpatak edo xaboizko balak erabiltzen ditugula pentsatuz. Baina gure kontra aritzen diren haur-soldaduak hiltzen dira benetan edo hiltzearena egiten dute, errealismo handiz, odola eta guzti, Hollywoodeko aktorerik onenak bailira.


lunes, 2 de noviembre de 2009

FEMINISMOA

TAMARA DE LEMPICKA (Convalescente)


Pintada bitxia aurkitu nuen nere etxe aurrean lehengo egunean: “No a la psicopatía, no al feminismo” zioen testu harrigarriak. Ez nuen aditu egileak zer adierazi nahi izan zuen, mezu hau zeharo ulertezina iruditu baitzitzaidan.

Nik uste dut edozein emakumek, neurri batean edo bestean, feminista izan behar duela, gizarte honetan orain arte behintzat, emakumezkoek bigarren dibisio batean jokatu dutelako.

Ez nago ados, halere, gizonezkoa naizenez gero apika, berdintasunaren gaia instituzio publikoetan zuzentzen den eraz. Badirudi desberdintasun guztiak emakumezkoen kontra doazela eta hau ez da, nere eritziz, inondik inora egia. Berdintasuna zaintzen duen erakunde publiko batek egin behar duen lehenengo gauza, nere ustetan, era guztietako desberdintasunak aztertzea da, modu zientifiko batean, objektibotasunez. Eta gutxi badira ere, baliteke zenbait alorretan gizonezkoenganako desberdintasunak aurkitzea.

Gizonezkoek, adibidez, bizi-itxaropen txikiagoa dute, zazpi edo zortzi urtekoa. Baten batek esango luke, honen azalpen gisa, emakumezkoak osasuntsuagoak direla berez, konstituzioz edo gorpuzkeraz, baina hau, nere uste apalean, emakumezkoak sukaldean lan egiteko jaioak daudelaren tankerako esamolde faltsua litzateke.

Lan-istripuak gure artean, hau da gizonezkoen artean, emakumezkoen artean baino askoz maizago gertatzen dira. Badago esaterik, hau esplikatzeko, lehengo hildotik abiatuta, emakumeak adikorragoak direla?. Arrazoia ez da beste bat izango?. Orokorrean gizonezkoek egiten duten lana arriskutsuagoa dela, esaterako?.

Herenegun Mediterraneoan zehar leku batetik bestera nabigatzen zuen luxuzko itsasontzi bati buruzko dokumentala ikusi nuen telebistaz. Bikote bat zen ontziaren jabea. Gizona zen enpresaria, itsasontzitik bere negozioak kontrolatzen zituena. Galdetu ziotenean emakumeari berak zer egiten zuen, ordea, erantzuna hau izan zen: “ezer ez, bidaiatu eta ailegatzen garen portuetan gauzak erosi, nere gizonak nahi dudan guztia oparitzen dit eta”. Emakumezko bakan batzurentzat oraindik ere helburu bakarra mantendu nahi dituen gizon bat aurkitzea da, feminismoaren eta matxismoaren alde onak batuz. Eta hau ez da hain portaera bitxia, nere ustetan. Zenbat emakumek jarraituko lukete ezkonduta beren senarrak injenieriak edo abokatuak izan beharrean, kamiolariak edo langile soilak izango balira?.

Gainetik baino ez ditut aipatuko bikoteak banatzen direnean egoten diren desberdintasunak, edo teorian feminista sutsuak diren zenbait emakumeren portaera, beren helburuak lortzeko inolako arazorik ez dutenak bere aurkariak izan daitezkeen sexu berekoak gogor erasotzeko edo zapaltzeko.

Ez dut ahaztuko, haatik, desberdintasun gehienak emakumeen kontrakoak direla. Haien aurka egin behar dugu, objektibotasuna eta matxismo eta feminismoaren alde ilunak ahaztu gabe, gizonezko eta emakumezko berriak, egunetik egunera, sortuz.


domingo, 4 de octubre de 2009

ERROREAK

HENRI DE TOULOUSE-LAUTREC (Au lit)


Irantzurekin ezkondu ez izana izan zen bere bizitzaren okerrik haundiena. Baina badaude erremediorik ez duten erroreak eta aurrera jotzea komeni da pertsona berriak ezagutuz, errore berriak zertuz.

Huts horrek, gainera, gauza onak ere ekarri zizkion. Jende berri asko ezagutzera eraman zuen, bidaiak egitera, esperientzia desberdinak izatera. Ez zuen berriz ere maitasuna aurkitu, nahiz eta askotan baietz pentsatu.

Urteen bueltan amets gehienak lortuak zituen, Irantzurekin bizi izatearena eta berarekin alaba bat izatearena alde batera utzita. Ez zuen ilusio berezirik gizakume bat izateko. Alaba izan behar zuen bion bizitzaren haria jarraituko zuenak, beraien testigantza eta oroitzapenak gain hartuko zituena.

Behin, gizonak 60 urte zituela, kalean egin zuten topo. Irantzu lodi samar zegoen eta adinaren markak nabariak ziren harengan. Nola egongon zen ba bera, zenbait urte zaharragoa izanda. Halere, berarekin hitz egin bitartean garai batean bizi izandako esperientzia berdintsuak izaten hasi zen, antzerako sentimenduak, lehengo pasio hura, laztantzeko desira, bere ondoan etengabe egoteko irrika.

Elkar agurtu ondoren biok kafe bat hartzera joan ziren. Irantzuk harez gero hiru seme-alaba zituen eta kostaldeko herri batean bizi zen. Gizonak ez zion besterik galdetu. Andra joan zenean berriz deskubritu zuen aspalditik zekiena: biok, adinduak ere, beste garai batekoak izaten jarraitzen zuten, Gorbeia aldeko basoetako zuhaitzen artean laztantzen zirenak. Beste gauza batez ere ohartu zen: munduan norberarentzat persona bat baino ez zegoela eta Irantzu zela beretzako bakarra.




domingo, 27 de septiembre de 2009

BEHELAINOAK

LINDA BERGKVIST (Eyreequel)


Bizitzan egiten dugun guztiak arrasto bat uzten du gure gorputzean, behelainoak hedatzen ditu larru zurbilean, zimur berriak nekaturiko aurpegian.

Bidaiak, maitasun hartu-emanak, lagunak, lan ezberdinak, gaixotasunak, jendearekin ditugun ika-mikak gure ezpainetan geratzen dira betiko. Zoriontasuna edo tristezia gure begien irisetan islatzen dira, eskuetako bizitza eta amodioaren marrak lorratz distiratsuez nahastuz.

Armiarma baten antzera, sare bat ehundu beharko genuke, non bizitzaren ezbeharrak gelditzen diren, non pozoina airean desagiten den, suzieren moduan, non gure arima ttipia berdintsuen fereka gozoez babestuta aurkitzen den bizitzan zehar oraindik egin ez duen bidean.

Ipurtargi baten antzera, argi xume batez esistentziaren alde ilunak sahiestu beharko genituzke, jausialdiak, pentsamendu grisak eta goibeltasuna argituz, gure bizitza iragankorra pasio biziz betez, etsipenaren irrikaz, maitasunaren suaz.


domingo, 20 de septiembre de 2009

ALBA

LOCH NESS - URQUHART GAZTELUA


Albatik, hau da Eskoziatik, gaelikoa alde batera utzirik, bueltatu nintzen pasa den asteartean. Edinburgo ez zitzaidan larregi gustatu, nire ustekaberako, hiri honetaz jende guztiak oso ondo hitz egiten baitu. Edo, hobeto esanda, ez nuen gogoko espero ahal zen neurrian. Batez ere Highlands izeneko lurralde eder eta zabalarekin alderatuz gero.

Meendeetan zehar hainbeste borroketan sartuta egon den herrialde hau atsegina egiten zaigu bisatari gehienoi. Inverness, Stirling, Skye irla eta bere herririk inportanteena, Portree, Glasgow edo New Lanark, beste askoren artean, hiri bereziak eta hunkigarriak dira gure begien aurrean.

Bidaia bat egitea norberaren bizitza besteen bizialdiarekin gurutzatzea da, gure izate arruntetik atera ezagutzen ez genituen existentziekin nahasteko.

Etxera bueltatuta egunean-eguneko monotoniara, isilpeko abenturetara bueltatzen gara. Gure zain daude betiko pertsonak, adiskideak, aldekoak, kontrakoak edo epelak direnak, neutroak, algarak eta barreak, galdutzat ematen genituen lagunak.

Mundu zahar hau berritzerrik ez da egongo, egunez egun, zaharrak duen onena ahaztu gabe, egunetik egunera bizitza berria estreinatuz?.


domingo, 7 de junio de 2009

NORK BERE BURUA MAITATU

JONATHAN VINER (Trance)


Egiptiarrek eta Grekoek asmatu zuten “kanon” izenekoaren arabera, gorputz bateko proportzio biribilak kalkulatzeko buruaren neurria hartu behar da eredutzat. Buruaren neurriak, honen arauera, pertsona baten altueraren zortziren bat izan behar du. Hori horrela izanik, nere buruak ez du kanon famatu hori betetzen, handiegia baita. ”Buruhaundi” inoiz esaten zidaten umetan, maltzurtasunez. Baina gure garaiko psikologoek garenarekin pozik egon behar dugula diotenez, nik ere, inoiz baino hobeto esanda, neure burua maitatzeko erabakia hartu dut.

Bestetik, inoiz irakurri dut zientzilariek, etorkizunaren gizakia irudikatu nahi dutenean, gorputz mehea eta buru handiz deskribatzen dutela. Horrela agertzen dira ere espaziotik etorritako izaki gehienak, gugandik teknika aldetik behintzat, mendeetako abantaila dutenak. Buru handia dugunok, beraz, etorkizunaren gizon eta emakumeak gara. Horrenbestez, arrakasta izugarria izango genuke etorkizunean, emakume eta gizon perfektoak izango ginateke 200 urte geroago, egungo Angelina Jolie, Brad Pitt, Naomi Campbell edo George Clooneyren antzera. Zoritxarrez, denbora miresgarri hori ailegatzen denean, 250 urteko momia bat izango naiz.



domingo, 31 de mayo de 2009

AURPEGIAK

HUMBERTO JESÚS VIÑAS (Caricia mestiza del adiós)


Gazteen aurpegiek ez dute erakusten gorde nahi dutena, engainatu ahal dute, algara eta bizitasuna baino ez dute islatzen, alaitasun zaratatsua, bizitzeko grina.

Heldu ahala, aurpegiek, ordea, ezin dute pentsatzen dutena, benetan direna aldendu, alboan utzi. Bere barneko buztin misteriotsuez moldatutako maskarak dira eta horrela izanda ere, gorde nahi dutena adierazten dute, bizitzan zehar jasandako ekaitzen erakusgarri dira, hondamen guztiena.

Zaharren gorputzak dira lehorturiko adaskak, orbela. Kontu haundiz ibili behar dute suak erre ez ditzan, haizeak behera bota ez ditzan, edozein txinpartak piztu ahal baitdu kiskaliko dituen sutea, edozein haize boladak eraman ahal baitu beren bizitzaren azken hatsa.

domingo, 3 de mayo de 2009

MAN ON WIRE



“Man on Wire” filmeak hunkitu nau. Pelikula honetan kontatzen den gertaera bitxiak lapurreta baten antz handia du, baina istorio honetan ez dago tirorik, ez diru etekin handirik, gertaera poetiko eta miresgarri bat baizik, hau da, funanbulista baten ibilaldia tenkatutako kable baten gainean zenbait urte geroago bahituriko bi hegazkinek suntsitu zituzten New Yorkeko Dorre Bikien artean.

Urteetan planifikatu zuen ekintza berezi hau Philippe Petit funanbulistak, bere kideen laguntzaz. Arazo handiak izan zituzten beren plana burutzeko. Batetik segurtasun neurri haundik saihestu behar ziren, egintza hau egiteko beharrezkoak ziren tresnez kargaturik. Bestetik, kablearen kokapena arazo handia zen, eta batik bat, 415 metrotako altueran mugitzea, kablearen gainean, alde batera eta bestera, haizearen bultzada sentituz, inolako sarerik gabe.

“Denok hari batetik gaude eskegita”, dio Philippek, baita “Minutu bakoitzetik magia ekintza bat sortzea da munduan merezi duen gauza bakarra”, eta “Bizitzaren muturrean bizi behar da, eta ez zentroan”.

Baina poliziak, epaileak, eta politikari gehienak ez zetozen bat Philippe Petiten filosofia apartaz. Salatu egin zuten ordena publikoa nahasmendu eta jabetza pribatu baten barruan sartzeagatik. Munduak ez omen du ekintza majikoetan sinisten, ez ditu egunerokotasunetik sortu ahal diren lore polit hauek maite. Halere, beraiek (poliziak, epaileak, politikariak) ere, jakin gabe, haizeak mugitzen duen hari mehe batetik daude eskegita.

domingo, 19 de abril de 2009

CARMEN PARIS

CARMEN PARIS


Lehen aldiz entzun nuenetik gustatu zitzaidan Carmen Paris. Duela gutxi aspalditik bizi ez naizen nere herritik pasatu behar zuenez ikustera eta entzutera joan nintzen, gazte aroan hainbestetan bisitatu nuen Sozial Antzokian kontzertua eman behar baitzuen. Leku horretan gauza anitz gertatu zait nere bizitzan zehar. Filme eta antzezlan dexente ikusteaz gain ni neu ere aktore bezala aritu naiz bere eszenatokian. Ahots eta dantza ikastaroetan parte hartu dut, kamerinoak bisitatu baita Franko osteko mitinetan entzule bezala egon ere. Maitasun kontuetan, halaber, bertan eman nituen lehen pausoak, antzokiaren inguruan estreinekoz neska batenganako erakarpen bizia sentitu baitnuen.

Carmen Parisek bere musikan Aragoiko jota, flamenkoa, jazza, salsa, boleroak eta beste erritmo batzuk batzen ditu. Ahots ozena eta bizia du eta estilo handiz mugitzen da eszenatokian. Nik, gainera, polita ikusten dut, ekargarria. Hitz egiten duenean bere grazia ere badu, kantak aurkezterakoan nahasten baitu hainbat gauza: taoismoa, fisika kuantikoa eta desamodioa, besteak beste.

Carmen Parisen Espainarekin lotura estu bat sumatzen dut, PP eta PSOE, Baltasar Garzon, Jiménez Losantos, Isabel Pantoja eta Paquirrinekin, esaterako, sentitzen ez dudana. Autodeterminazio pertsonala eskatzea posible izango balitz, herrialde berria osatzea gustatuko litzaidake, non Carmen Parisen tankerako espainiar asko sartuko liratekeen, baita bere musikak duen aldaera koloretsuaren tankerako nazioarteko indibiduo asko ere (arabiarrak, afrikarrak, hegoamerikarrak). Herrialde liluragarria izan ahalko zen, orain derrigorrean jasan behar dugun Espainia hori, afrikar etsituen Grial Saindua bihurtu dena, inondik inora, ez dena.


miércoles, 11 de marzo de 2009

JAPONGO OLERKIGINTZA

FUJIYAMA

Garai bateko Japonen (IX. mende inguruan) jendearen arteko komunikazioa (guttienez idazten zekitenen artekoa) olerki ttipien bitartez egiten zen, gehienak bi lerrotakoak. Hori gertatzen zen, batez ere, amodiozko kontuetan. Maiteleek elkarri bialtzen zizkieten olerki xinple hauek, esanahiz izkutuez beteta, mezulari, morroi edo neskame baten bitartez, eta jasotzen zituenak interpretatu behar zuen besteak esan nahi zuena, pazientzia handiz, ilusioz edo, agian, gogaitasunez beteta.

Japongo olerkigintza gizakion bihotzean dago sustraiturik. Poema hauek ez dira, inolaz ere ez, olerki intelektualak edo apaindura metaforikoez josiak, ezta ere kontsumo errezeko tresna bat:

Esna daudenen munduan nori esan nion betiko maite izango nuela?
Amets iheskorren bidetik ibiltzen naiz, nor naizen jakin gabe

Iraganaren haria galdu dugu, mundurik onenean bizi garela pentsatuz. Iraganeko aztarnak herdoilduta bezela irudikatzen ditugu. Polita izango litzateke, agian, Japongo olerki zaharren tankerako komunikazioa zabaltzea gure artean, mobilaren edo e-mailen bitartez, hau da, lagunei edota gure maitalea izatea gura dugunari mezu bat bidali nahi diegunean olerki bat idatzi, xinplea, burutsua eta erromantizismoz betea.

Ametsetan ere zaila suertatzen zait nire maitea ikustea.
Ez dakit ba lo egiten? Edo ahaztu egin zait?




domingo, 1 de marzo de 2009

AXERI BODA


Duela egun batzuk Bilboko Arriaga Antzokira joan nintzen “Axeri Boda” izeneko emankizuna ikustera. Juan Antonio Urbeltz izen nagusia da Euskal Herriko kulturan. Nik, ordea, apenas ezagutzen nuen bere lana, nahiz eta pertsona azaletik ezagutu, hilean behin etortzen baita Bilboko Kafe Antzokira saio bat zuzentzera guk, nahiko dizipulu traketsak, nahasiak zein despistatuak, dantza egiten dugun bitartean. Itxuraz oso tipo interesgarria erizten diot, edadetua baina aldi berean dotorea eta txanbelina da eta. Horregatik joan nintzen Arriagara, maisu edo koreografo bezala, hau da, benetako dantzariekin, nolakoa zen miatzera.

Ikuskizunetik atera nuen ondorioa izan zen Urbeltz ez dela koreografoa edo dantzaria soilik, zerbait askoz zabalagoa eta biziagoa erakusten digu ikuskizunean, antropologo, etnologo eta artista ere badela. Hasierako testua, dantzarien jantziak eta mugimenduak, emankizunaren egitura, Japonekiko lotura eta herrialde hartan iradokitako keinu leunak. Urbeltzek euskal kulturaren ikuspegi hedatsu eta sakona erakusten digu, iragan liluragarri batean ardaztua, olerkigintzan, mitologian eta historian sustrai sendoak ezartzen dituena. Horren emaitza ikuskizun oparo eta trinkoa da, indarrez betea, tradizioz josia, Euskal Herrian egiten diren kultur agerpen guztientzako, nere uste apalean, eredua markatzen duena. Hau da, tradizio poetikotik abiatuta, garenetik irtenda, inguruko edo urruneko aportazioak gehituz, nortasuna handitu eta munduaren aurrean erakutsi.

Ziur asko emankizun honen bidea Euskal Herriko aretoetan hasi eta bukatuko da, baina “Axeri Boda” hau gure herrialde magikoaren txartela-bisita polita izango litzateke munduaren aurrean.


sábado, 31 de enero de 2009

ANIMALIAK

REMEDIOS VARO (Creación de las aves)

Behin, ehiztaria zen lankide batek esan zidan ezin direla parekatu gizakumeen eta animalien bizitzaren garrantzia. Nik hau nahiko eztabaidagarria dela esango nuke.

Gizakien bizitza inportantea da guretzako, azken finean gizakiak garelako. Halere, gizakion eboluzio maila, zalantza izpirik gabe, handiagoa da, animaliek ez baitute inolako aukerarik mundua beren erara moldatzeko, guk dugun lez.

Baina naturarentzat, ordea, emakume, gizon, atso edo ume baten bizitza lehoi, bufalo, txakur, hegazti edo armiarma batena baino inportanteagoa ez dela esango nuke nik. Ezta Unibertso zabalarentzat ere. Animaliak, hegaztiak, ugaztunak, artropodoak dira gure kideak bizitza erizten dioten bide honetan. Ez dugu apenas ezer ezagutzen animalien bizitzari buruz, nahiz ta telebistaz emandako dokumental asko ikusi. Haietaz baliatzen gara inolako kupidarik gabe. Guretzako sentimendurik gabeko tresna bat baino ez dira.

Beste bat izan beharko luke, nere ustetan, animalienganako gure jarrera. Natura ez da ona berez, alde ilun bat ere badu. Zirkulu bortitz baten barruan mugitzen gara, non batzuek besteak jaten dituzten, elikatzeko eta bizirik jarraitzeko. Baina bada munduan eta unibertsoan ere etika izkutu bat, berezko lege bat, bizitzaren oreka mantentzeko ezinbestekoa dena. Guk, ustezko naturaren erregin eta erregeak, horren kontra jokatzen dugu behin eta berriro. Ez dugu urrutira joan behar hori aurkitzeko, gure baitan dago, unibertso erraldoiaren zati bat garelako.


martes, 6 de enero de 2009

EURIA

LC NEILL (Walking in the rain)


Euria Bilbon, eta Euskal Herriko zenbait lekutan elurra, kazkabarra, lanbro itxia ... Zortzi urte daramat dei baten zai, gaur ziurrenik elurrez estalita dagoen herri ttipi batetik etorri beharko lukeena, baina eguraldi honekin ...

Gehien espero ditugun deiak espazioan galtzen dira, laino eta euri bortitzagatik, edo mendien kontra topa egiten dute eta ez dira bide zuzena aurkitzeko gauza. Beste zenbaitetan jenio oker batek desbideratzen ditu, urrineko telefono batera bidaliz, non mezua jasotzen duen pertsona zertaz ari den ulertzeko ez den kapaz. Jenio gaizto hauek eta Euskal Herri menditsua dira gure zorigaiztoaren errudunak. Duda barik.