miércoles, 28 de abril de 2010

ITSASOA

JOAQUÍN SOROLLA (Niños en la playa)


Asteazkena da eta goizeko hamarretan ez dago inor hondartzan. Harean eskuoihal bat ere ez da ikusten. Antxetak, surflariak eta lasterkari solteak dira ordu batzuen buruan jendez beteko den hareatzaren biztanle bakarrak.

Uraren ertzetik paseatzen naiz, biluzik, Amazonas ibaiaren ondoko indigenen antzera, itsasoko haizeak laztanduta, oraindik indarrik ez duen eguzkiak ferekatuta. Txikitatik, maite ditudan gauzen artean, eguzkiaren ikutua sentitzeak, uretatik atera berria naizenean batik bat, pribilegiozko lekua bete du, ezin aipatu daitezkeen beste askorekin batera.

Bizitza itsasotik datorrela diote, gu guztiok arrain eboluzionatuak baino ez garela. Teoria honen aldekoek gure odoleko serumaren konposizioa eta itsasoko urarena antzekoak direla oso aldarrikatzen dute.

Umetan, ama eta arrebekin itsasaldera hurbiltzen ginenean poz ikaragarria sentitzen genuen, gure arbaso zaharren deiari erantzuten biziki maite genituen ahaideak bisatatzera joango bagina bezala. Aitari, ordea, ez zitzaion itsasoa deus gustatzen. Auskalo beste arraza batekoa ez zen gure aita, itsasorik ez duen urrutiko planeta batekoa.

Gaur, ezustean, uretan sartzeko erabakia hartu dut, duela milioi bat urte arrain, bale do izurde itxura zuten gure arbasoak agurtu nahian. Tamalez, gure aintzinako etxea hotzegi zegoen eta segituan atera behar izan dut. Oinak bakarrik bustita, begiak itxi ditut eta pentsamendu iheskor bat eskaini diet asaba misteriotsu horiei. Gero bueltatu naiz lehorrera, segurtasunera, eguzkiaren erreinura.


No hay comentarios: