martes, 4 de mayo de 2010

AUKERA BAKAR BAT DAGOEN ARTEAN

OLIVER FÖLLMI


Harreman kontuetan, sexuzkoak, maitasunezkoak edota laguntasun hutsezkoak badira ere, bi teoria desberdin atsegin ditut, nekez adostu edo bateratu ahal direnak.

Batetik, nere ustez, hartu-eman batek aurrera egin behar badu, partaide bakoitzak, hau da, lagun, maitale edo maitemindu bakoitzak, elkarrenganako pausu bat eman beharko luke, besteak berea noiz emango duenaren zain egotera pasatzeko. Batek bi, hiru, lau edo ehun pausu ematen baditu eta besteak bat ere ez, nik esango nuke gauzak ez doazela, inolaz ere, ondo.

Berdintasun bitxi honek ez du, ordea, matxismo edo feminismoarekin zerikusirik. Hots, emakumezkoek eta gizonezkoek gure barrua erakusteko, hau da, besteen aurrean biluzteko lotsa edo beldurra sentitzeko eskubide osoa dugu. Honetaz, sentitzen duena argi eta garbi erakusten duenak, dana postura batean jokoan jartzen duenak, neska edo mutila, gizona zein andrea izanda, ez du inolaz ere ahulezia erakusten, ausardia eta kemena baizik.

Baina, nire buruaren beste aldea, ordea, eskizofrenia moduko batean, alor honetan dana matematika ez dela defendatzen saiatzen da. Zenbaitetan, aldarrikatzen du neurona multzo honek, bost, zortzi, hamaika edo mila pausu eman behar dira benetan lortu nahi dena eskuratzeko, batik bat gauzak argi eta garbi ikusten direnean, diamante bat bezain baliotsua bada jokoan dagoena, itzaltzeko dagoen harreman horren sua bizirik mantentzeko, hari eusteko, aukera bakar bat dagoen artean.


No hay comentarios: