domingo, 6 de febrero de 2011

FEREKA MISTERIOTSUEN ERREINUA

ALBERT MOORE (Dreamers)


Gauero, ohera joaten denean, nire amak berea zena du zain gelan. Lokartu bezain laster, txikitan bezala, bere gorputz handia sentitzen du aldamenean. Komunera joateko altxatzen denetan nire amama ondora hurbiltzen zaio eta atzetik doa amak bainugelako argia pizten duen arte. Argitasunean, ezustean, inor ez dagoela konturatzen da, bakar-bakarrik aurkitzen dela, 85 urte dituelarik, oraindik berea den mundu honetan.

Ohean, lo egin orduko, berriro sentitzen du eta goizeko hamarrak arte lo seko geratzen da bere magalean, ume koskor bat balitz bezala. Amets sakabanatuak ditu, umetako lagunak, hil ziren anaiak, arinegi heldutako seme-alabak, geroa, zerua, infernua, ezereza. Zenbaitetan, beldurrak jota, amak ezin du ondo deskantsatu. Gau horietan ez du amama ondoan sentitzen, eta bere buruari galdetu behar dio nongo paradisuetan aurkituko den, nondik bidaiatuko den ordu txiki horietan. Zenbaitetan senarra ere azaltzen zaio, horrenbeste maite zuen gizona, ondoan lo, baina ama baino askoz gutxiago.

Hiru urte nituenean hil zen amama. Argazki solte batzuetan ikusi dut inoiz, irrifartsu, lodi, beltzez jantzita. Horietako batean ni nago, bere gainean jarrita. Nire ama, ordea, kasik egunero batzen da berarekin, umetan bezala, hitzik esan gabe, fereka misteriotsuen erreinuan.


2 comentarios:

Anónimo dijo...

Bai polita!

Ramón Guinea dijo...

Eskerrik asko, Anderea. Pozten naiz zure berri izateaz