REMEDIOS VARO (Hacia Acuario)
Azken aldian ohartu dut noizero-noizero bizitzak botatzen nauela
nagoen tokietatik, leku horiek eman ahal zidaten guztia agortuta egongo balitz bezala.
Hau gertatu zait lanean zein laguntasun edo maitasun hartu-emanetan. Naturak ez
omen du gustoko alferkeria, erosotasuna edo ausardia-eza.
Bizitza metamorfosia da, etengabeko aldaketa. Isilpeko uharte batera
egindako ezusteko bidaia bat, hartaz ezer ez dakigula. Leku hartatik, gainera, inor
ez omen da inoiz bueltatu. Bidean, zer dago? Esperientziak, ezagupenak, grina eta
mina.
Lanez aldatu dut. Lantegi berriko kideak egunero agurtzen ditut
goizeko zortzietan. Hamar urte gehiago pasatuko banu bertatik mugitu gabe berdintsu
egingo nuke goizero-goizero, jubilazioa hurreratzen den artean. Bitartean, mundu
zabala dago gure zain, ezagutzen ez dugun jendetza gure ondotik pasatuz,
gertaera desberdinak, hiri, kale eta etxe ezezagunak, gugaz batera mundu hau
konpartituz, kasik ohartu gabe.
Euskal Herriko lurretan, gure sena eta kultura babesteko edo, jende-multzo
itxiak izan ditugu, ia monolitikoak. Hauetako talde askotan, zoritxarrez, partaide
guztiek berdin pentsatzen dute bizitzaz, sexuen arteko harremanez, kirolaz,
politikaz, beste koadrila edo tribu batzuetako kideez.
Horrek babesten gaitu, zalantzarik gabe, baina krisalida horretan
murgildurik ez ote dugun galtzen euskalduntasuna indartu, sakondu eta berpizteko
aukera?
No hay comentarios:
Publicar un comentario