lunes, 17 de junio de 2013

BIHOTZ ILUNA

ELENA ODRIOZOLA


Behin Ixabeli bihotza erauzi zioten. Izkutuko harreman luze baten ondoren, zorigaiztoko berria jaso zuen: maite zuen gizona beste andra batekin ezkontzekoa zen maiatzaren amaiera aldean. Errealitatea aspalditik ezagutzen bazuen ere, mundua gainera erori zitzaion. Automata bat bezala mugitzen zen, etxetik lanera, supermerkatutik bankuko bulegoetara, lagun batengandik beste batengana. Robot bat bezala gidatzen zuen. Gorputza, arima eta burmuina hustuta zituen. Aingeru begirale batek bere pausuak zaintzen bazituen, egun haietan bere ondotik alde eginda omen zegoen, izpirituen munduan galduta.

Berak ere, agian, horixe eragin zuen beste batzurengan, ondorengo urteetan inguratzen zitzaizkion gizonezkoekin harreman dexente hasi eta apurtu egin baitzituen. Denbora luze horretan, ezusteko hiriak bisitatu zituen, emanaldi askotan parte hartu, jatetxe bitxietan afaldu baita ezagun asko egin ere. Guzti honen aztarna ttipi bat bere baitan geratzen bazen, ez omen zuen barruko ezer ikutzen. Ez zen berriro maitemindu, ez zuen beste pasio sakonik sentitu, ez zituen inoiz iparra, hegoa, mendebaldea eta ekialdea berriro nahastu.

Berrogei urte bete zituenean, lagunekin edo familiarekin ospatu beharrean, Kreta irlara joan zen bakar-bakarrik. Matala hondartzaren magalean bost egun igaro zituen, itsasoari, herrikoei eta bera bezalako turistei begira. Eguzkiak gauza guztiak argiztatzen zituen, txalupak, etxeetako horma zuriak, umeak, hegaztiak. Bueltako abioian, ordea, bere bihotza ilun mantetzen zen, sute bizi baten ondorengo txingarrak berriro piztea ezinezkoa izango balitz bezala.


No hay comentarios: