jueves, 27 de junio de 2013

HODEIEN EHIZTARIA




Gure aitak hurrengo egunean egingo zuen eguraldia asmatzen zuen. Gaztetan kapazitate horrek harritzen ninduen. Baserrian jaioa zen eta telebistak baino askoz hobeto zekien euria edo eguzkia izango genuen, zerua aterri edo lainotsu egongo zen. Ez dakit nola baina, hodeien itxuraz edo zeruaren koloreaz.

Denboraz, ordea, zahartu ahala, ahalmen hori apurka-apurka galduz joan zen, adinarekin gaztetasuna, osasuna edo indarra bidean geratzen diren moduan. Agian gai horretaz zuen interesa galduz joan zen ere. Azkeneko aldiz ospitalera eraman genuenean elurra egiten zuen. Ospitaleko lehiotik, elurra ikusita, elurtea noiz bukatu behar zen aipatu eta oraingo honetan, nola ez, asmatu zuen ere.

Pena dut kapazitate hori eta berak zituen beste asko neureganatu ez izanaz. Oraingo karreradunok, mundua kontrolpean dugula pentsatzen dugu, unibertsoa guri esker jarraitzen duela biraka.

Gustoko ditut zaharrak, nahiz haiengan apenas erreparatzen dudan. Batzutan nire amaren gogoetak grabatzen ditut mobilean. Berak ez daki smartphone edo tablet bat erabiltzen, baina ez nituzke bizitzan zehar pilatu dituen jakinduria, abileziak eta ezagupenak betikoz galtzea nahi.

Eta, are gutxiago, errenka dabilen mundu honi, oraintsu arte behintzat, guk karreradun harrook, ezer onik ekarri ez diogula ikusita.




No hay comentarios: