martes, 19 de enero de 2010

EZ DAGO EZER IDATZIRIK



“Ez dago ezer idatzirik” izenburua duen filmea ikusi nuen duela gutxi. Pelikula ez da une honetakoa, ordea, orain bizpahiru urtekoa baizik. Joe Strummer, The Clash taldeko abeslariaren bizitza kontatzen da bertan, gogoko ditudan musikarien artean leku berezia okupatzen duena.

The Clash ezagutzea aurkikuntza handia izan zen niretzat. Lehenengo aldiz euren kanta bat (Spanish Bombs) entzun nuenetik biziki gustatu zitzaidan taldea. Baliteke jende askorentzat punk-rock estiloko musika zarata baino ez izatea, baina badago munduan barrena musika mota hau maite duen pertsona multzo haundi bat ere.

Elkar lotzen gaituena ez da soilik familia, hizkuntza edo herrialdea. Leku desberdinetako jendea batzen dituen gauza asko ere bada. The Clash taldea atsegin izatea horietako bat izan daiteke. Berdin dio mexikarra, Cambodiakoa zein euskalduna izatea, Madrilgoa edo eskoziarra. Joe Strummer, edo Frank Sinatra, zeharo desberdina den abeslari bat eredutzat hartuta, gustatzen zaizkienen artean badago zerbait amankomunean, bizitzaren aurrean hartutako antzeko jarrera bat, bizi garen gizartearen ikuspegi berdintsua.

The Clash taldea atsegin dugun guztiok pentsaten dugu, apika, bizi garen mundua ez dela beste batzuk sinestarazi nahi diguten bezain perfektua eta beste zeozeren bila jo behar dugula, kontsumo eta diruaren erregela hestuak saihestuz.

“Ez dago ezer idatzirik” dio Joe Strummer-ek. Posibilitate guztiak daudela gure aurrean, aukera anitzeko mundu batean bizi garela. Geroa, honetaz, gure eskuetan, gure bihotz magikoan, gure imajinazio boteretsuan dago.


No hay comentarios: