sábado, 6 de marzo de 2010

ZAINDU MAITE DUZUN HORI

RUPER ORDORIKA


Ruper Ordorika entzuten egon nintzen atzo, Bilboko Kafe Antzokian. Bigarrenez ikusten nuen. Lehenbizikoa orain urte asko izan zen, bere karreraren hastapenetan. Roberto Ordorika, Ruper ezizenez oker ez banaiz, nere gurasoen etxe ondoan bizi zen, Basaurin, Soziologia edo ikasten zuen artean. Nire ahizpa nagusiaren euskara irakaslea zen Ruper unibertsitaria. Ikasleak eta beste auzokide batzuk joan ginen ondoko herri batean eman zuen kontzertu batera. Auzoko neska gehienak berarekin erdi maiteminduta omen zeuden. Entzundakoaren arabera, hau errepikatu egin da hainbat aldiz bere bizitzan barrena.

Ruperren zenbait kanta aspergarriak egiten zaizkit, berdintsuak. Badakit ez naizela batere originala hau esaten dudanean. Beste batzuei, ordea, izugarri onak erizten dizkiet, “Zaindu maite duzun hori”, "Ene begiek", “Ez da posible” eta “Haizea Garizumakoa”, bere azken diskoari izena ematen dion kantari, besteak beste. Xinpleenak edo alaienak diren horiei, agian.

Duela urte batzuk Ruperren oso laguna zen neska ezagutu nuen. Izugarri polita zen, nere ustetan, edonor maitemintzeko modukoa, Nafarroako iparraldeko herrixka batean bizi zen lamin ilehori bat. Ruperren inbidia sentitu nuen edo agian artista eta musikaria izatearena, hauek, teorian behintzat, neska erakargarriz inguratuta baitaude.

Nahiz eta ez naizen ez neska ez homosexuala, tipo interesgarritzat jotzen dut Ruper hau. Bere janzkera gustatzen zait, bere letrak atsegin ditut, baita bere kantetako kitarrek sortzen dituzten soinu leunak ere. Noizik behin, haatik, monotonoa somatzen dut eta, entzun bitartean, buruak ihes egiten dit beste mundu batzuetara, hainbeste maite ditudan emakumezko baten begi eta ezpain ezezagunetara.


No hay comentarios: