miércoles, 6 de agosto de 2008

ERDIZKA LAUETAN (IV)


4. Antrexantak

Itziarren lekuz aldatu ziren berriz ere, Maddik bolantea har zezan. Martxan jarri eta gero, Ekisek geroago damutuko zitzaion zerbait esan zion neskari: “Oso ondo pasatu dut. Zein gauza ona den neska batekin egotea!”. Maddi goibel geratu zen une batez, eta Bilbora ailegatu arte ez zuen hitz bat ere esan. Ekisek ez zekien horren zergaitia. Nekatuta edo egongo zela uste zuen.

Bilbon, Maddik “La Guerniquesa” parean gelditu zuen kotxea eta muxu arin bat eman zion mutilari, adio moduan. Ekisek galdetu zion ea zer zuen, baina neskak ezetzaren keinua egin zuen buruaz, eta bere etxerako bidea hartu zuen, mutila bertan utzita, bidaia-poltsa eskuetan.

Ekis ez zen astelehenean arduratuta ibili baizik eta, izatekotan, apur bat haserre gertatu zenagatik eta ez zion neskari deitu nahi izan. Asteartean ikusiko zuela uste zuen, baina Maddi ez zen dantza klasetik azaldu. Atera eta gero, Ekis arduratuta sentitzen zen guztiz. Gauean deitu zion, baina telefonoa itzalita aurkitu zuen. Ez zuen Maddiren deirik hurren egunean ere.

Ostegunean eta ostiralean, are kezkatuago, behin eta berriro saiatu zen berarekin harremanetan jartzen, baina ez zuen lortu. Telefonoa itzalita zegoen edo ez zuen inork hartzen. Gauean, ostera, Maddiren mezua jaso zuen bere telefono mugikorrean. Horrela zioen: “Ez deitu gehiagotan, mesedez. Nerekin edo beste edozein neskarekin egoteak berdin badizu ez dut zurekin denborarik galduko”.

Ekisek ulertu zuen, azkenean, Maddik sentitu zuen haserrearen zergatia, ordura arte berarentzat misterio iluna zena. Mutilak Itziarren esandako hitzengatik, neskak pentsatu omen zuen berdin ziola Iparraldera berarekin edo dantza klaseko besteren batekin joan izanak.

Hurren egunean, lehenengo aldiz bere bizitzan, Ekis lore-denda batera sartu zen. Nekez lortu zuen neskaren helbidera orkidea eder bi bidali zituen, Edgar Degasen irudi baten atzekaldean idatzitako testu labur batekin, Zamalzainak sinatzen zuena: “Maddi, ikusten ez zaitudanean norbaitek airea eraman duela eta ezin dudala arnasarik hartu sentitzen dut. Deitu, mesedez eta geratu nerekin, gaur bertan, ahal baduzu. Oraindik mila gau falta ditugu”.

No hay comentarios: