domingo, 3 de agosto de 2008

ERDIZKA LAUETAN (I)


1. Solte

Erdizka lauetan, pika, ebats. Maisuak pausoak kantatzen ditu, dantzariak -gizon helduak, nerabeak, etxekoandreak- musikaren erritmoari jarraituz higitzen diren bitartean.

Dantzan hasi zenetik urte bat pasatu da jada. Ekis Artola Bilbao Musikak duen aretora joaten da asteartero. Jotak, porruak, mutil dantzak eta jauziak apurka-apurka barneratuz eta gorputzaren mugimenduari atxikituz doa, umetatik erakusten zuen baldartasunaren aurka borrokatzen duen artean.

Ezker, eskuin, ezker, antrexantak eta fini. Lehen aldiz klasera iritsi zenean kausitu zuen neska hura, Maddi, noiz edo noiz bakarrik agertzen zena, eta ez zuen une hartatik behin ere huts egin, beti asteartearen zain, berriro aurkituko zuenaren itxaropenaz, beste behin ez ote zuen ikusiko ikara biziz.

Urtean zehar berarengandik hurbilago egoteko aukera bakan batzuk izan zituen. Dantzatu bitartean, esaterako, neskak bikotetzat aukeratzen zuenean, Ekis ez baitzen, hain zuzen ere, nahi duenaren bila joatera ausartzen den horietakoa. Maddi besoen artean zuen bakoitzean, scotisha dantzatu edo balseoan egiteko, Ekisek, eskua bakarrik hartuta edo gerritik ebatuta, izugarrizko gogoa sentitzen zuen neska horri lotuta egoteko bizi guztirako, edo, Orienteko ipuietan bezela, mila eta ehun gauetan zehar gorputz hori laztanduz lo egiteko.

Urtebeteko bitarte horretan dantza taldekideek afari bat ospatu zuten. Ekisek, inolako premiarik gabe, jatetxe ingurura hurbildu zuen kotxea Maddi bere etxera eramateko aukera sortuez gero, gidariarena egiteko. Baina, tamalez, ez zuten gau osoan hitz bakar bat ere gurutzatu, ez jatetxean ez egondako tabernetan, musikak eta jendetzak erremediorik gabe bananduta. Patuak, antza zenez, ahaleginak egiten zituen bion bideak nahas ez zitezen.

Zortea, ordea, gutxien espero zuenean, bere alde jarri bide zitzaion. Dantza taldearen zenbait ikaslek Iparraldera joateko bidaia antolatu zuten, Zuberoako Maskaradaren emankizunak ikusteko asmotan. Bost lagunetik bik azkeneko mementuan deitu zuten ezin izango zirela joan esateko eta beste bat ez zen, inolako argibiderik gabe, adostutako lekuan azaldu. Ekis eta Maddi “La Guerniquesa” izeneko tabernan egon ziren zain ordubetez, abisurik utzi ez zuenaren telefonorik ez baitzuten, eta azkenean, Ekisek ezer esan gabe irauten zuen bitartean,”Gu biok joan ahal gara” erran zuen neskak.

Maddik berak eraman behar izan zuen kotxea, ondoan aparkatua utzia baitzuen. Hiru ordu luzeko bidaian, ezohiko moduan, Ekisek asko hitz egin zuen, baina tentelkeriak baino esaten ez zuenaren sentsazioa izan zuen denbora guztian. Bi aldiz gelditu ziren, Itziarreko atseden eremuan, gasolioa bota eta apur batez deskansatzeko, eta Beran, Maddik leku hartatik muga zekarkatu nahi baitzuen, Barojatarren etxea kanpoaldetik ikusi ahal izateko. Ekisek ez zuen libururik irakurtzen eta ozta-ozta zekien Baroja idazle bat zela, baina jakin-mina erakutsi nahi izan zuen neskaren aurrean txarto ez geratzeko.

Bidean zehar Ekisen hanka-sartzeak dezente izan ziren. Berako taberna batean, esaterako, konturatu gabe nesken komunera sartu zen. Maddik, hori ikusirik, barrez hasi zen.

No hay comentarios: