martes, 5 de agosto de 2008

ERDIZKA LAUETAN (III)


3. Ezker Airian

Apenas ordu betez egin zuten lo. Elkarrekin dutxatu ziren, behin eta berriro uztartuta. Goizean herrira jeitsi ziren gosaltzera. Tabernak erdi hutsik zeuden oraino. Neurrizko distantzia mantendu zuten, pixkat lotsatuta giro ezezagunean, baina elkarri begiratzen zioten besteak zer pentsatuko zuen ez zekitela. Gero gauzak gelatik batu eta Urdiñarberako bidea hartu zuten.

Oso goiz polita zen hura, eguzkitsua eta freskoa. Han-hemenka herrixkak ikusten ziren. Urdiñarbe ere herri txikia eta bukolikoa zen, lasaia eta baketsua ziur aski egun normal batean baina oso animatua Maskaradak antzesten ziren egunean.

Goizez ailegatu ziren herrira. Gorriak eta beltzak, Maskaradaren protagonistak, kalean zeuden honez gero. Herriko auzuneetatik ibiltzen ziren, desordenean, ongi etorria eman eta bidea oztopatzeko auzokideek jarritako barrikaden inguruan. Maskaraderen pertsonaiak txirula eta ttun-ttunaren doinuez dantza egin eta herrikideek banaturiko jakiak eta edariak jan eta edaten zituzten. Gorriak, dotoreak eta garbiak eta beltzak, pobreagoak, emankizunaren pertsonaiak ziren. Horien artean zebiltzan Enseñaria, Artzaina, Kantiniersa eta Gatuzaina, bere egurrezko artazi handiekin, baita Marexalak, Kukulleroak, Xorrotxak etabar luze bat ere. Baina Ekisentzat deigarriena zen, dudarik gabe, Zamalzaina, bere parekoa sentitzen zuena, erdi zaldia eta erdi gizona, lore, luma, zinta eta ispilu ttipiez eginiko koroa janzten zuena. Ijituek eta kerestuek zirikatzen zuten zentauro hura, eta nahi zuten harrapatu.

Arratsaldean, bazkaldu ondoren, hainbat zati desberdinetan bananduta zegoen Maskarada konplikatu hura plazan jokatu zen. Maddik eta Ekisek lurrean eserita ikusi zuten emankizuna, elkarri lotuta. Jauziak, braliak, godaleta eta beste aunitz dantza, musika, antzerkia eta kantuak ziren festa horren osagaiak, erabat galduta zegoen garai bateko ospakizunen aztarna bizia.

Berandura arte egon ziren Urdiñarben. Zortziak inguruan herritik atera ziren, nahikoa bide luzea zuten eta. Bidaiaren lehen partean apenas hitz egin zuten, muga zeharkatu zuten arte, mementu hartan bion artean zegoen loturak ez baitzuen hitzen beharrik. Irunera iritsi zirenean, kamioak aparkatzeko lekune batean tokiz aldatu ziren, Maddi logura baitzen. Kotxean sartu orduko, gidatzeko prest, Ekisek neskaren eskua bere zakilean sumatu zuen. Han, iluntasunak babestuta, txortan egin zuten berriro ere, lehenengo aldia balitz bezala. Neskaren titimuturrak puntan sentitu zituen Ekisek. Mutilak, irrikaz, musukatu eta kosk egin zituen emeki, eta gauza bera egin zuen neskaren besoak, lepoa eta klabikulekin. Gero, atzamarrak iltzatu zituen aldakan eta ipurdi giharretan. Bagina umel zegoela nabaritu zuenean zakila barruratu zuen modu kementsu eta erritmiko batez. Han zeuden, kamioi aparkatuez inguratuta, Sherezade eta Zamalzaina, elkarri muxuka, txortan etengabe, gauaren erdian.

No hay comentarios: